Ekonomia -
ESTATUKO AURREKONTUAK
Aurrekontuen kontrako sei osoko zuzenketa eztabaidatuko dituzte gaur Kongresuan
Osoko zuzenketa horien artean ERCk eta PDeCATek aurkezturikoak daude. Sanchezek bi horien botoak behar ditu Aurrekontuak onartzeko, eta hauteskundeak apirilaren 14ra aurreratzearekin mehatxu egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Diputatuen Kongresuan, 2019ko Estatuko Aurrekontuen eztabaida egingo dute gaur-biharretan. Orotara, sei osoko zuzenketa aurkeztu dituzte alderdiek. Aurrekontu proiektuaren eztabaida egungo testuinguru politikoak baldintzatuko du: batetik, Auzitegi Gorenean gaur abiatu den Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketak eta, bestetik, hauteskunde orokorrak aurreratzeko Espainiako Gobernuak egindakok mehatxuak. Atzo jakin ahal izan zenez, hauteskunde orokorrak apirilaren 14ra aurreratzea aztertzen ari da Pedro Sanchez Espainiako presidentea. Erabakigarria izango da, beste behin, ERC eta PDeCAT alderdien erabakia.
Eztabaida 12:00etan hasiko da Diputatuen Kongresuan. Maria Jesus Montero Ogasun ministroa izango da hitza hartzen lehena. Bere hitzaldian, ziurrenera, ERC eta PDeCAT alderdiak iritziz aldatzen ahaleginduko da. Beste era batera esanda, osoko zuzenketak erretiratzeko eta aurrekontu proiektua babesteko eskatuko die alderdi katalanei, Espainiako Gobernuaren esanetan, espainiar guztientzat eta katalanentzat ere onak direla iritzita.
Montorok aurrekontu proiektuaren alderdi nabarmenenak azpimarratuko ditu: gastu sozialaren igoera, gutxieneko soldata gehitzea, koordainketa, Hezkuntzako gastua areagotzea edota 52 urtetik gorako langabetuentzako subsidioa berreskuratzea.
Osoko zuzenketak aurkeztu dituzten sei alderdiak (PP, Cs, ERC, PDeCAT, CC eta Foro Asturias) 15:00etatik aurrera hasiko dira beren arrazoiak azaltzen. Hitza hartzen lehena Pablo Casado PPko presidentea izango da.
Casadoren atzetik, Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak hartuko du hitza.
Joan Tarda ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak eta Ferran Bel PDeCATeko diputatuak emango dituzte azalpenak Kataluniako alderdi independentisten izenean. Kataluniarako inbertsioak eskatzeaz gain, autodeterminazio eskubidearen onarpenik gabe ez dituztela Aurrekontuak babestuko berretsiko dute.
Katalanen ostean, Ana Oramas Coalicion Canariako ordezkaria eta Isidro Martinez Oblanca Foro Asturiasekoa izango dira hitza hartzen hurrenak.
UPNko bi diputatuek osoko zuzenketak babestuko dituzte. Azken orduotan EH Bilduk iragarri duenez, "gaur gaurkoz" EH Bilduk Pedro Sanchezen aurrekontuei "ezezko botoa" emango die, Sanchezek jarrera aldatzen ez badu.
Nueva Canarias alderdiko diputatua, bere aldetik, abstenitu egingo da baldin eta Kanariar Uharteetarako aurreikusitako inbertsioak betetzen ez badira.
Gauzak horrela, zaila dirudi asteazkeneko bozketan Aurrekontuak onartzea. Izan ere, Gobernuak baiezko gehiago behar ditu ezezkoak baino horretarako. Horren aurrean, hauteskunde orokorrak apirilaren 14ra aurreratzea aztertzen ari da Pedro Sanchez.