Ekonomia -

Lan ezbeharra

Laneko segurtasun araudia errespetatzeko eskatu du Bilboestibako enpresa batzordeak

Hildako zamaketarien lankideek kontzentrazioa egin dute Bilboko Portuaren sarreran. ELA sindikatuak salatu duenez, Bilboko Portuan 'lan baldintza txarrek eta arrisku handiko lanek egiten dute bat'.

Hainbat edukiontzi Bilboko Portuan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Hainbat edukiontzi Bilboko Portuan.
Protesta bilkura egin dute Bilboko Portuan zamaketari baten heriotza salatzeko

1:32

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Bilboko Portuan garabi batetik erorita enpresako langile bat hil ostean, gaur Bilboestibako lan batzordeak laneko segurtasun araudia errespetatzeko eskatu du. Atzokoarekin, dagoeneko lau langile hil dira 2015eko azaroaz geroztik Bilboko Portuan.

Lan batzordearen esanetan, heriotza hauek "ez dira zenbaki hutsak", beren "lanpostuan hil diren lankideak baizik". Batzordearen iritziz, datuak nahiko kezkagarriak dira lan arriskuen prebentzioan arreta gehiago jartzeko.

Bilboestibako lan batzordeak "besarkada estu bat" bidali die hildako beharginaren senide eta lagunei. Horren arabera, heriotzak gertatzen direnetan egiten diren txostenek neurri zuzentzaileak proposatzen dituzte, "prebentzioak huts egiten duen seinale".

Salatu dutenez, balizko zigor ekonomikoetatik harago ez da ezer gertatzen, beste heriotza bat gertatzen den arte.

24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea Bilboko Portuan atzoko lan istripua salatzeko

Bilboestibako enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko, atzo Bilboko Portuan izandako lan istripua salatzeko. 43 urteko zamaketari bat hil zen, garabi batetik behera jausita.

Enpresa batzordeak deituta, goizean elkarretaratzea egin dute lankideek Bilboko Portuaren sarreran, Santurtzin.

ELA sindikatuaren hitzetan, "Bilboko Portuan lan baldintza txarrek, lan erritmo biziak eta arrisku handiko lanek egiten dute bat".

Behargina garabi gainetik erori zen, bospasei metroko altueratik, zamaren ezusteko mugimendu zakar baten eraginez. Eskarmentu handiko langilea zen, sindikatuen arabera.

ELAk (hildakoa sindikatu horretako afiliatua zen) eta UGT Euskadik doluminak eman dizkiete senide eta lagunei. Bestalde, ikerketa sakona eskatu diete Osalani eta Lan Ikuskaritzari.

UGT Euskadiren arabera, azken hiru urteetan Bilboko Portuan hildako laugarren behargina da honakoa.

ELAk ohartarazi duenez, bestalde, 2019 honetan zazpi langile hil dira lan istripuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Portugalete Santurtzi Lana Bilboko Portua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak