Ekonomia -

'Invest in the Basque Country'

Mexikoko bioteknologia multinazional batek Araban lan egingo du

'Invest in the Basque Country' atzerriko enpresak erakartzeko ekimenaren "lehen emaitza" da, Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikoko bioteknologia multinazional bat Arabako Miñao Parkean kokatuko da, gaur Patxi Lopez lehendakariak iragarri duenez. ''Invest in the Basque Country'' atzerriko enpresak erakartzeko ekimenaren "lehen emaitza" da, Lopezen hitzetan.

Mexikoko Cecype enpresa "laster" ezarriko da Araban, eta 30 lanpostu sortuko ditu hemendik eta hiru urtera.

SPRI sozietateak kudeatuko du ''Invest in the Basque Country'' ekimen berria. Egitura honek atzerriko enpresak erakartzeko helburua izango du, baita Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atzerriko 400 enpresak zaintzea ere.

Izan ere, 400 bat enpresak hartu dute Euskadi ekoizpen, banaketa edo logistika zentro gisa. Orain arte, sakabanatuta egon dira, baina, ''Invest in the Basque Country'' ekimenari esker, eta enpresen eskariz, “leihatila egonkor” bat izango dute, Industria Sailak kudeatuta.

Lehendakariak egitasmoaren lehen ekarpena aurreratu du gaur, Bilbon. SPRIk urtebete darama Cecype enpresaren ordezkariekin hizketan eta, orain, Miñaoko Parkean egon ahal izateko prozesua hasi da.

Lopezen ustez, atzerriko inbertsioak erakartzeko modua “hobetu” behar du Euskadik. ''Invest in the Basque Country'' horretarako sortu dutela nabarmendu du: "Euskadira atzerriko inbertsioa eta talentuak erakartzeko". Euskadin dauden atzerriko enpresei "kalitatezko arreta" emateko helburua ere badu egitasmo berriak.

Azken hilabeteetan egin dituen bidaia ofizialen garrantzia azpimarratu du Patxi Lopezek (Brasilen, Txinan, AEBetan, arabiar herrietan eta Qatarren egon da).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea