Ekonomia -
Integrazio prozesua
BBK-k, Vitalek eta Kutxak bat-egite hotza adostu dute
EAEko hiru aurrezki kutxek banku lizentzia bat eskatu diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, bat-egite hotza lortzeko beharrezko urratsa baita.
Erredakzioa
BBK-k, Kutxak eta Vital&' || 'nbsp;Kutxak "banku-marka" baten sorkuntza iragarri dute, eta horretarako, banku lizentzia bat eskatu diote Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV), hori baita bat-egite hotza lortzeko beharrezko urratsa.
Mario Fernández (BBK), Xavier Iturbe (Kutxa) eta Carlos Zapatero (Vital) aurrezki kutxetako presidenteek sinatu dute akordioa.
Banku berriak 80.000 milioi euro izango ditu kapitala aktiboan; horietatik, 50.000 milioi euro BBKri dagozkio.
Hiru kutxek zergarik gabeko ondasunak dituzte, eta 2010ean 340 milioi euroko irabaziak izan zituzten.
Gainera, osagarriak dira hirurak, bulegorik ez dituztelako gainerako lurraldeetan. Vitalek, esate baterako, ez du bulegorik Bilbon, eta BBK-k bakarra dauka Gasteizen.
Hiru erakundeetako presidenteek azken egunotan harremanak areagotu ostean, "banku-marka" berri bat sortuko dutela iragarri dute.
Bat-egite hotzaren antzeko formula erabiliko dute horretarako, hau da, kudeaketa sistema bakarra erabiliko dute, baina bakoitzak bere marka komertziala eta erakunde bakoitzeko gizarte-ekintza mantenduko du.
Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak harremanen berri izan dutela esan dute, eta aurrezki kutxen erabakia errespetatzen dutela adierazi dute.
Oztopo ugari izan dira bidean
Cinco Días egunkariak bere webgunean azaltzen duenez, aurrezki kutxa bakoitzeko administrazio kontseiluek eta EAJ, PSE-PSOE eta PP alderdiek sinatu dute akordioa. Bat-egite horrekin oztopo ugari izan dituen bate-egite prozesuari bukaera ematen zaio.
Lehendabizi hiru aurrezki kutxen bat-egite beroak huts egin zuen; ondoren, BBKren eta Kutxaren arteko proiektuak porrot egin zuen, eta azken boladan, BBK eta Vital aurrezki kutxak hurbiltzeko prozesuak ere ez zuen amaiera ona izan.