Ekonomia -

Villarejo auzia

BBVAk esan du justiziarekin elkarlanean arituko dela Villarejo auzia argitzeko

BBVAk akziodunen batzarra egin du arratsaldean Bilbon, eta Villarejo komisario ohiari agindutako entzuketen auzia izan dute hizpide.  

Carlos Torres BBVAren presidentea. Argazkia: EFE
Carlos Torres BBVAren presidentea.
Carlos Torres BBVAren presidentea. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Torres Vila BBVAren presidenteak bankuaren izen ona defendatu du eta Villarejo auzia argitzeko justiziarekin elkarlanean arituko direla azpimarratu du.  

BBVAk akziodunen batzarra egin du arratsaldean Bilbon, eta, besteak beste, bankuak Villarejo komisario ohiaren Cenyt taldeari ustez agindu zizkion entzuketen gaia izan dute hizpide.  

Auzi horrek hautsak harrotu ditu, eta atzo, Francisco Gonzalez presidente ohiak ohorezko presidentzia eta Fundazioan dituen ardurak utzi zituen, "bankuari kalterik ez egiteko".

Carlos Torresentzat lehen akziodunen batzarra izan da presidente gisa. Francisco Gonzalezentzat esker oneko hitzak izan ditu eta esan du 2018ko erdialdean jakin zutela BBVA Villarejorekin lotzen duten dokumentuak egon zitezkeela.   

Urtarrilaren 9an, baina, publiko egin zen Gobernuko kideei, lehiakideei nahiz hainbat kazetariri entzuketak egiteko eskatu ziola BBVAk Villarejori. Hori hala izan zela frogatuko balitz, "oso larria" eta "bankuaren baloreen aurkakoa" izango litzatekeela esan du Torresek.  

Harrezkero, BBVAk ikerketa zabaldu zuela eta abokatuak eta PwC aholkularitza enpresaren zerbitzuak kontratatu zituela erantsi du.  

"Gure helburua hau dena ahalik eta azkarren argitzea da", nabarmendu. Alabaina, luzerako doala eta garrantzitsuena gauzak ondo egitea dela zehaztu du.  

Akziodunen artean ere Villarejo auzia izan da zeresan gehien eragin duen gaia. Ildo horretan, gertatutakoa zorrotz ikertzeko eta irmotasunez aritzeko eskatu diote zuzendaritza berriari. Areago, Francisco Gonzalezen kudeaketa kritikatu dute eta bere hobariak itzul ditzala eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak