Mundua -

Mobilizazioak

Frantziak amore eman du 'txaleko horien' protesten aurrean

Edouard Philippe lehen ministroak iragarri duenez, sei hilabete atzeratu dute erregaiaren zergaren igoera.

'Txaleko hori' bat, Parisen, protesta batean. Argazkia: EFE
'Txaleko hori' bat, Parisen, protesta batean.
Macronek amore eman du 'txaleko horien' protesten aurrean

2:11

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gorrak eta itsuak beharko genuke izan kaleetan azaldu den amorru hori ez entzuteko eta ikusteko". Hitzokin, Frantziako Gobernuak 'txaleko horien' mobilizazioen aurrean amore eman duela iragarri du gaur Edouard Philippe lehen ministroak. Gizartean eragindako ondoeza kontuan hartuta, erregaien zerga igoera sei hilabetez atzeratzea ebatzi du Macronen Gobernuak.

"Dozenaka mila herritarrek euren haserrea erakutsi dute", esan du Philippek telebistaz eskainitako mezu batean. "Amorru hori aspaldikoa da, denbora askoan mutu egon da, baina egunotan indarrez eta modu kolektiboan azaldu da. Gorrak eta itsuak beharko genuke izan amorru hori ez entzuteko eta ikusteko", erantsi du.

Philipperen esanetan, "tasek ezin dute nazio baten batasuna arriskuan jarri". 2019ko urtarrilaren 1erako hainbat zerga igoko zirela iragarri zuen Gobernuak, besteak beste, argindarrarena, gasarena, eta erregaiena. Horietan sei hilabeteko moratoria ezartzea ebatzi du orain, giroa "baretzeko" asmoarekin.

Frantziako lehen ministroak azaldu duenez, Macronen Gobernuak ez dio "klima aldaketaren eta kutsaduraren kontrako borrokari muzin egiten", baina beharrezkoa ikusten du "trantsizio horretan frantsesen ondoan egotea".

Hori horrela, "zergen inguruko eztabaida sakona" egiteko premia nabarmendu du Philippek.

Neurria goizean goiz aurreratu dute Frantziako hedabideek, baina Philipperen ahotan etorri da konfirmazioa. Macronek atzo gauean hartu omen zuen erabakia, lehen ministroarekin eta exekutiboaren 10 bat ministrorekin Eliseoan egindako bilera batean.

Mobilizazioek behartuta

'Txaleko horien' krisiak kalte handia egin dio Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Philipperi berari. Paris Match eta Sud Radio astearte honetan argitaratutako inkesta baten arabera, presidentearen ospeak % 23 egin du behera hilabete eskasean (sei puntu, aurreko hileko datuekin alderatuta), eta lehen ministroarenak, % 26 (10 puntu gutxiago).

Milaka izan dira egunotan Parisen, Frantziako hiri garrantzitsuenetan eta Ipar Euskal Herrian kalera atera diren 'txaleko horiak'. Philippek "manifestazioa egiteko eskubidea" aitortu die, baina Gobernuak "segurtasuna bermatu" behar duela gaineratu du. Hala, mobilizazioetan "lasaitasunez" aritzeko eskatu die herritarrei.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Paris Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Frantziako Gobernua gaur Azken ordukoa protestak Zerga politika Gasolioaren prezioa