Ekonomia -

28. Promozioa

Eusko Jaurlaritzak 500tik 700ra igo du Ertzaintzan bete beharreko lanpostuen kopurua

Deialdian bertan dago jasota aukera hori, eta Ertzaintzan izandako bajei eta erretiroei aurre egiteko da. 

Hautagaiak Beltran de Herediarekin. ETBren bideo batetik lortutako argazkia
Hautagaiak Beltran de Herediarekin
Jaurlaritzak 500tik 700ra igo du Ertzaintzan bete beharreko lanpostuen kopurua

1:04

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefanía Beltran de Herediak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari Ertzaintzaren 28. Promozioaren hautaketa, prestakuntza eta sarbide prozesuan bete beharreko lanpostu-kopurua 700era igotzea erabaki dela.

Horrenbestez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak emango du beste 200 lanpostu gehitzeko ebazpena. Deialdian bertan dago jasota aukera hori, eta Ertzaintzan izandako bajei eta erretiroei aurre egiteko da.

2018ko abenduan argitaratu zen EHAAn Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko hautaketa-prozeduraren deialdia. Deialdian, 500 lanpostu eskaini ziren, eta guztiek 1. hizkuntza-eskakizuna zuten ezarrita.

Era berean, ebazpen horretan jaso zen deitutako plaza-kopurua handitzeko aukera, "betiere hautaketa-prozesu hori gauzatu bitartean edozein arrazoi dela bide sortzen diren plaza hutsen arabera". Lanpostu-gehikuntza hori ere deialdiko oinarriek arautuko dute, eta behin-behineko zerrendak argitaratu aurretik egin beharko da.

Segurtasun Sailak 2018an izandako bajei eta erretiroei buruzko datuak (guztira 486) eta datu horiek 2019ko lehenengo hiru hilabeteetan izandako bilakaerari buruzkoak (114 izan dira) ikusita hartu du erabakia.

Ez da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak oposizio-fasean Ertzaintzaren deialdi bateko lanpostu-kopurua handitzen duen lehenengo aldia, berez promozio batean baino gehiagotan gertatu da. 26. Promoziorako deialdian 250etik 300era igo zen plaza-kopurua eta 27. Promozioan 300etik 380ra.

"Gure helburua belaunaldiak antolatuta eta programatuta berritzea da, eta horregatik dugu hartuta Ertzaintzarako agenteen deialdia urtero egiteko konpromisoa. Deialdiko plaza-kopurua premien eta aukeren arabera joan da igotzen", esan du Beltrán de Herediak.

Berez 1993ko deialdira arte egin behar da atzera orain deitutakoa baino plaza-kopuru handiagoa (700) eskaini zuen deialdi bat aurkitzeko. Urte hartan batera egin zen 13. eta 14. promozioen hautaketa, eta guztira 600 plaza eskaini ziren eta azkenean 1.200era iritsi ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak