Ekonomia -

Akziodunen batzarra

Iberdrolak Galan presidente izendatu du berriz

“Haritza zaharrak urtadar” asko ditu etxe barruan, azpimarratu du Galanek hitzaldian, bere ordezko posibleari erreferentzia eginez.

Galan, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Ignacio Sachez Galan, Bilbon egin duten akziodunen batzarrean.
Galan, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolako Akziodunen Batzarrak Administrazio Kontseiluko kideen izendapenak onartu ditu gaur, botoen % 98rekin, besteak  beste, Ignacio Sanchez Galan presidentearena. “Haritza zaharrak urtadar” asko ditu etxe barruan, azpimarratu du Galanek hitzaldian, bere ordezko posibleari erreferentzia eginez.

Iberdrolak Akziodunen Batzarra egin du ostiral honetan, Bilbon. Laugarrenez Sanchez Galan izendatu du presidente. Horrela, beste lau urteko legealdia izango du Galanek. 2006az geroztik da presidente. 2001eko maiatzetik konpainiako presidenteorde eta kontseilari delegatua ere izan da.

Galanek emaitza "historikoen" bermearekin hautagaitza aurkeztu du argindar konpainiak egin duen akziodunen batzarrean. "Konpainia handiago, internazionalago, dibertsifikatuago, sendoago eta errentagarriago bat dugu", azpimarratu du.

Galanen esanetan, 2018-2022 plan estrategikoan murgilduta dago Iberdrola, eta "etorkizunera begira garapen aukera handiak ditu".

"Duela 20 urte martxan jarri genuen hazkunde jasangarriaren estrategiari esker lortu dugu", adierazi du.

Hori horrela, 2018 ekitaldiko "emaitza historikoak" aurkeztu ditu batzarrean. "Konpainia honek, 100 urteko historian, lehen aldiz gainditu zituen 3.000 milioi euroko etekinak. Antzinako pezeten bilioi euro —b-rekin idatzia—", azpimarratu du.

Iberdrola, "Euskadiren motorretako bat"

Galanek nabarmendu duenez, Iberdrolaren jardunaren eragin sozio-ekonomikoa 1.637 milioi eurokoa izan zen Euskadin 2018an. Iazko ekitaldian, 690 milioiko balioa zuten erosketak egin zizkien 1.000 bat enpresari, eta 100 milioiko inbertsioa egin zuen. 2018-2022 aldirako, berriz, 10.000 milioiko eragina espero da, eta 4.000 milioiko balioa duten erosketak.

Iberdrolaren presidentearen hitzetan, kopuruok agerian utzi dute argindar konpainia "Euskadiren motorretako bat" dela. Eragin fiskalari dagokionez, 707 milioi baino gehiagokoa izan dela adierazi du Galanek. Soldatek eta bestelako ordainketek, esaterako, 141 milioi euroko balioa izan dute, presidentearen arabera.

Sanchez Galan, gaur Bilbon. Argazkia: EFE

Dibidendua igotzea proposatu du

Etekinon harira, akziodunen dibidendua % 7,7 igotzea proposatu du, akzioko 0,351 euroraino. "Inoiz ordaindu den dibidendu handiena" dela nabarmendu du.

"Iberdrolak Espainian dituen hiru lehiakideen balioa bikoizten du, eta munduko lehen bost argindar enpresen artean dago; 2001ean, 20. postuan geunden. Burtsa-balioari dagokionez, Ibex35ean kotizatzen duten enpresen artean hirugarrenak gara (Inditex eta Santander daude aurretik)", adierazi du.

Nabarmendu duenez, konpainiaren jardunaren eragina 11.000 milioi eurokoa, da, hots, Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1.

2019ari dagokionez, enpresak hazten jarraituko duela esan du Galanek, "sareko aktibo erregularretan egindako inbertsioak bizkortzeari eta ahalmen berriko 6.000 megawatteko potentziari esker".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Bilbo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Elektrizitatea