Ekonomia -

Analisia

Urkullu: 'EAEko ekonomiak honda jo du'

Jeltzaleen presidenteak esan du langabezia datuak eta ekonomiaren egoera "oso larriak" direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak "hondoa jo" egin duela uste du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Bere esanetan, egoera eta langabezia datuak "biziki larriak dira". Krisiari aurre egiteko erakundeen arteko koordinazio falta salatu du jeltzaleen buruak.

EAJko zuzendaritzak eta alderdiko kargu garrantzitsuenek, tartean diputatu nagusiak, bilera egin dute gaur goizean Sabin Etxean, ekonomiaren inguruko datuak aztertzeko, eta lanpostuak sortzeko neurriak adosteko helburuarekin.

"Ekonomia datuen arabera, baliteke egoerak hondoa jo izana. Hala ere, lanpostuak sortzeko ekimenik ez dugu ikusi, eta horrek benetan kezkatu egiten gaitu", azaldu du Urkulluk.

Era berean, orain bi hilabete Eusko Jaurlaritzari erakundeen arteko plan berezia martxan jartzeko eskatu ziotela gogoratu du EAJko presidenteak. "Ez dugu erantzunik jaso", esan du.

Lanpostuak sortzea eginkizunen zerrendan aurreneko tokian jartzeko exijitu du Urkulluk. Egindako bileran akordiorik adostu duten ez du baieztatu, baina "datozen orduetan" proposamenak iragarri egingo dituztela esan du. Ondoren, Eusko Jaurlaritzari igorriko dizkiote.

Bileran egoera ekonomikoa eta erakunde ezberdinek hartutako neurriak aztertu dituzte. Jaurlaritzak Udalekin, Foru Aldundiekin edo Eudelekin plan berezirik ez duela abian jarri azpimarratu dute EAJtik. "Hori da gehien kezkatzen gaituena", adierazi du Urkulluk.

Hala ere, "inori ezer leporatzearen gainetik", EAJk proposamenak aurkeztu nahi dituela esan du jeltzaleen presidenteak, "bizitzen ari garen egoera larriari aurre egiteko". "Lanpostuak sortzeko gakoa lortzea da gure kezka nagusia", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea