Ekonomia -
Erabakia hartu gabe dago
Txinak ukatu egin du Espainian 9.300 milioi inbertituko dituela
Txinako inbertsio subirano funtsa garrantzitsuenak oraindik ez du erabaki Espainiako kutxetan inbertituko duen, eta ukatu egin du Zapaterorekin 9.000 milioi dolarreko kantitateaz hitz egin zuela.
Erredakzioa
Txina Investiment Corporation, inbertsio subirano funtsa garrantzitsuenak, informazio agentzia batzuei ukatu egin die 9.300 milioi dolar (6.200 milioi euro inguru) inbertitzea erabaki duela Espainiako aurrezki kutxak berregituratzeko prozesuaren baitan.
"Pentsatzen ari gara baina ez dugu erabaki oraindik" esan dute Investiment Corporationeko iturri ofizialek. Ukatu egin dute era berean, Xie Ping presidenteordeak Espainiako gobernuko presidentearekin Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin 9.300 milioi dolarreko kantitateaz hitz egin zuela. "Inoiz ez zen zifra hori aipatu. Gezurra da kantitate horretaz hitz egin zela eta ez dakit nondik atera den" esan du Ping-ek.
Iturri horien arabera, "Investiment Corporationek Espainian kaltetutako departamentuekin kontaktuak hasi ditu, behin-behineko aukerak bilatu eta aztertzeko; aukera horietan sartzen da Espainiako kutxak berregituratzeko programa, beti ere fondoaren inbertsio eta administrazio prozesuaren arabera".
Iturri berberak azpimarratu duenez, Investiment Corporation beti ekonomia eta finantzen egoera aztertzen ari da helburuak bilatzeko; "zentzuzko eta epe luzerako onurak bilatzen ari dira, arriskuak oso ondo aztertu ostean", esan du.
Investiment Corporationek dagoeneko egin ditu inbertsioak Espainiako finantza proiektu batean, baina azpimarratu dutenez, ez dute ezer gehiago zehaztu nahi izan inbertsio horien gainean.
Korporazioko presidenteordea atzo Espainiako enbaxadak Pekinen duen egoitzan egon zen Txinako Banku Popularrarekin, Bankua Arautzeko Komisioarekin, Txinako Bankuarekin eta CITIC Bankekin bilduta, bestak beste.
Atzo bilera amaitu ostean Espainiako gobernutik iragarri zuten Txinako inbertitzaileak Espainian milaka milioi euro inbertitzeko prest agertu zirela. China Investment Corporation proiektu interesgarriak agertuz gero prest agertu zela 9.300 milioi euro bideratzeko ere esan zuten.
Aipatutako korporazioa Txinak atzerrian dituen erreserba erraldoiak kudeatzeaz arduratzen da. 2007an 200.000 milioi dolarrekin hasi eta bere fondoa 332.000 milioi dolarretaraino igo zuen 2009an.