Ekonomia -

Tren sektorea

CAF Taldeak Suediako EuroMaint enpresa erosi du

Enpresa horren balioa 80 milioi euro ingurukoa da, baina amaierako balioa salmenta ixten denean zehaztuko da. Itxiera 2019ko uztailerako dago aurreikusita.

Beasaingo CAF taldeak ekoiztutako tren bat. Argazkia: CAF
Beasaingo CAF taldeak ekoiztutako tren bat. Argazkia: CAF
Beasaingo CAF taldeak ekoiztutako tren bat. Argazkia: CAF

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasaingo CAF Taldeak trenen mantentze lanaz arduratzen den Suediako EuroMaint enpresa erosi du. Enpresa horren balioa 80 milioi euro ingurukoa da, baina amaierako balioa salmenta ixten denean zehaztuko da, dagozkion doikuntzak egin ostean. Itxiera 2019ko uztailerako dago aurreikusita.

CAFek ohar batean azaldu duenez, erosketa horrekin “zerbitzu berriak eskaini eta taldea sendotzea” aurreikusi du. EuroMaint enpresari esker, CAF Taldeak “gero eta handiagoa den jarduera indartu du, eta presentzia sendoa finkatu du Eskandinaviako herrialdeetako merkatuan”, esan du Beasaingo konpainiak.

Erosketa enpresaren 2020rako Plan Estrategikoan lerrokatuta dago. Iaz Solaris erosi ostean, "zerbitzu berriak eskaini eta jarduera dibertsifikatzearen aldeko apustua" egin du CAFek. “Horren bidez, garraio eta mugigarritasun arloko zerbitzuen hornitzailea izanik, erreferentziazko talde gisa betetzen duen tokia sendotu nahi du”, esan du Beasaingo enpresak.

“Negozio horren batez besteko gauzatze-denbora handiagoa da eta, horrenbestez, horrek epe ertainera eta luzera begira salmenten egonkortasun handiagoa eskaintzen du”, esan du CAFek. Halaber, erosketa horrek osagaien hornikuntzarekin eta mantentze-lanekin lotutako jardueran CAFeko Europa mailan duen posizioa sendotuko duela ziurtatu du.

Gainera, EuroMainten bezero kopuru handiari esker, Eskandinavian “beste era bateko proiektuak garatu ahal izateko aukera berriak" sortuko dira. Bestalde, “erosketen arloan zein tren arloko ekipoen eta osagaien fabrikazioarekin eta hornikuntzarekin lotuta, CAF Taldeak egiten duen jardueran sinergiak lortzeko aukera ere ekarriko du”, erantsi du CAFek.

Gaur egun, Suediako bidaiarientzako trenetan, tren-makinetan eta tren-ibilgailu industrialetan mantentze-lanak egiteko negozioan “erreferentziazko enpresetako bat da” EuroMaint, eta bere herrialdean “merkatuko kuotarik handiena dauka” konpainia horrek.

Bere jarduera nagusiak dira flota handien mantentze-lanak zein sektore horretako Suediako operadore nagusiei tren arloko osagaien gama zabala hornitzea. EuroMaintek herrialde osoan banatuta dauden 18 tailerretan egiten du lan eta alderdi hori bera da merkatuan hazteko aukera eta lidergo argia ematen dizkiona.

Suediako enpresak 1.000 langile inguru ditu gaur egun eta aurreko ekitaldian 150 milioi euroko sarrerak izan zituen gutxi gorabehera. Gainera, “CAF Taldeari eskarien zorro handia ekarriko dio, eta, zonalde hartako egoera sendoa dela eta, zorroa handitzeko aurreikuspenak daude”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa CAF bideoak Ekonomia Albisteak Gaur Beasain albisteak Gaurko azken orduko albistea Suedia Enpresen albisteak Industria albisteak