Ekonomia -
Ministroen Kontseilua
Rubalcaba: 'Langabeziak goia jo du eta unerik latzena pasatu egin da'
Ministroen Kontseiluak ezkutuko enplegua erregularizatzeko eta kontrolatzeko plana onartu du; enpresariek uztailaren 31ra arte dute langileak legeztatzeko.
Erredakzioa
Gobernuaren hitzetan, langabezia-tasak "goia jo du" du eta "unerik txarrena" pasatu egin da; ondorioz, datozen hilabeteotan langabeen kopuruak behera egingo du.
Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteorde eta Barne ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, biztanleria aktiboaren inkestan jasotako langabeen kopuruak 4.910.200en marka gainditu du, baina "hemendik aurrera, behera egingo du zenbaki horrek".
"Biztanleria aktiboaren inkestak goia jo duela uste dut", esan du. Jarraian, "oso kaskartzat" jo ditu lehen hiruhilekoko langabezia-tasaren emaitzak. Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, 213.500 langabe gehiago izan ziren urtarrila eta martxoa bitartean; lana dutenen kopuruak 256.000 lagunetan egin zuen behera, eta 18.151.700 pertsonatakoa izan zen.
Bestalde, Valeriano Gomez Enplegu eta Immigrazio ministroaren hitzetan, langabezia-tasaren igoera "oso datu negatiboa" da eta egoeraren "larritasun maila" islatzen du. Dena den, ez dio garrantzi handirik eman bost milioi langabeko muga gainditu izanari.
Ezkutuko enplegua
Valeriano Gomezek jakinarazi duenez, enpresariek uztailaren 31ra arteko epea izango dute langileak beren borondatez legeztatzeko, ezkutuko enpleguak erregulatzea eta kontrolatzea helburu. Epe horretatik aurrera, isunak bost aldiz handiagoak izango dira.
Ministroen Kontseiluak gaur onartutako idatzian, ezkutuko enplegua erregularizatu eta kontrolatzeko planean, dagoen neurritako bat da hori.
Ministroaren hitzetan, plan horrek ez du inolako amnistiarik ezartzen, abuztuaren 1era arte Legeak ezarritako isunei eutsiko baitiete.
Alderdi politikoen eta sindikatuen erreakzioak
EAJk Gobernuari eskatu dio erreformetan sakontzeko krisi ekonomikotik eta langabeziatik ateratzeko. "Egoera berritzat eta ezkortzat" jo du EAJk egoera.
PPren arabera, Gobernu batek ez du inoiz Jose Luis Rodriguez Zapaterorenak sortu duen beste mesfidantza eragin; "espainiarrak mesfidati dira Zapaterorekin eta sozialisten politikekin, beraiek baitira Espainiako familia askoren dramaren arduradunak".
LAB sindikatuak enpleguaren suntsiketa salatu du, eta enpleguaren eta lan-baldintzen defentsarako "beste mobilizazio ahalegin bat" eskatu du.
Ignacio Fernandez Toxoren (CCOO) eta Candido Mendezen (UGT) hitzetan, enpleguaren suntsiketa ez da geldituko ekonomia berpiztu arte; ildo horretan, lan-merkatuaren erreforma berriek ez dute langabezia-tasak behera egitea eragingo, sindikatu horien arabera.