Ekonomia -

2019-2023

Eusko Jaurlaritzak 250 jarduera egingo ditu ikastetxeetako instalazioak hobetzeko

Ikastetxe publikoetako instalazioak eta azpiegiturak hobetzeko helburua dauka 2019 eta 2023 urteen artean Eusko Jaurlaritzak abian jarriko duen planak.

Uriarte eta Garamendi planaren aurkezpenean. Argazkia: Eusko Jarlaritza
Uriarte eta Garamendi planaren aurkezpenean
Uriarte eta Garamendi planaren aurkezpenean. Argazkia: Eusko Jarlaritza

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Azpiegituren plan berriak ia 250 jarduera jasotzen ditu 2019-2023 aldirako. Lan horiek egiteko, berriz, 318 milioi euro bideratuko dituzte, aurreko planean baino 20 milioi (% 6,7) gehiago, 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planarekin alderatuta.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin batera, 2019-2023 aldirako Hezkuntza Azpiegituren Plana aurkeztu dute asteazken honetan.

Batez ere, hezkuntza-instalazio publikoak hobetu edo egokitzeko lanak, ikastetxeak handitzeko jarduerak eta eraikin berriak eraikitzeko obrak jasotzen ditu planak. Instalazio eta azpiegiturak hobetzeko helburua duen plan horrek eragina du, halaber, hezkuntzaren kalitatean.

Jarduera berriakPlanean jasotzen den jarduera zerrenda "luzean", Uriarte sailburuak nabarmendu ditu, esaterako, Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutu berriaren eraikuntza, Gasteizen, DBHko 7 lerrokoa eta Batxilergoko 4 lerrokoa. Aurreikusitako inbertsioa 13 milioi eurotik gorakoa da. Hezkuntza Sailaren asmoa da lanak 2020 urteko bigarren seihilekoan zehar hastea.

Orixe Bigarren Hezkuntzako Institutu berriaren eraikuntza, Tolosan, egungoa ordezkatu eta irisgarritasuna hobetzeko. Planean jasotako proiektu guztien artean inbertsiorik handiena aurreikusten du: 14,5 milioi euro. Une honetan eraikina diseinatzen ari dira.

Dantzertirentzako egoitza berria. Euskadiko Goi Mailako Arte Dramatiko eta Dantza Eskola (Dantzerti) BAMI eraikinean kokatuko da (egun Bizkaiko Foru Ogasuna eta EiTB dauden eraikinean), Arriaga Musika Konsterbatorioan duen behin behineko egoitza utzita. EiTBren azpian 3.000 metro koadro pasa hartuko ditu. Egoitza egokitzeko lanak 2020 urte amaieran hastea aurreikusi dute. Aurrekontua lau milioi eurokoa da.

Ispasterren, bertako eskola txikia handitzeko eta irisgarritasun alderdia egokitzeko lanak, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin.

Eraikin berria Gasteizko Zabalgana-Boronbizkarra auzoan, Haur eta Lehen Hezkuntzako Aldaialde ikastetxe berria hartzeko. Hiru lerroko ikastetxea egiteko 11 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da. Hezkuntza Saila beharrezko baimenak noiz jasoko zain da, lizitazioari ekiteko.

Muskizko Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko lanak, Batxilergoa har dezan. 6,8 milioi euroko aurrekontua. Une honetan exekuzio-proiektua idazten amaitzen ari da. Eraginkortasun energetiko handieneko irizpideekin eraikiko da.

Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutuari eraikin berria egitea, ondoan patio estalia duela. 5,4 milioi euroko aurrekonatua. Uneotan exekuzio-proiektua idazten ari da.

195 jarduera aurreko planean

Hezkuntza Sailburuak aurreko planaren balantzea egiteko tarte bat ere hartu nahi izan du, plan berria aurkezterakoan. Izan ere, "datu esanguratsuak utzi baititu" 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planak.

Azken 5 urteotan, Hezkuntza Sailak ia 300 milioi euro (298,3 milioi) bideratu ditu plan horretara, nahiz eta hastapenean 245 milioi euroko aurreikuspena egin zen. Aipaturiko inbertsio horrekin ia 200 jarduera egin dira ikastetxe publikoetan, hobekuntza lanak, ikastetxe-handitzeak eta eraikin berriak jasotzeko lanak tarteko. Egindako lan guztien artean batzuk aipatzekotan, nabarmentzekoak dira Mariturri eskolaren eta Zabalgana Institutuaren eraikin berria, biak Gasteizen; Xabier Munibe Institutu berria Azkoitian, eta Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutuarentzako eraikin berria, Bergaran; Elortza eta Eretza Berri ikastetxeen eraikin berriak, Urduliz eta Gueñesen, hurrenez hurren; edo Pagasarribide Institutua, Bilbon. Uriartek 2014-2018 aldiko Azpiegitura Planaren ezaugarri nagusi bat nabarmendu du: "Plan bizi eta dinamikoa izan da". Izan ere, hasieran aurreikusi ez ziren hainbat lan barneratu eta gauzatu ditu planak, epe horretan denborak aurrera egin ahala. Era berean, lan horiek guztiak burutzeko Hezkuntza Saila hezkuntza-komunitatearekin, ikastetxeetako zuzendaritzekin eta udalekin elkarlanean aritu dela ere azpimarratu du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Barakaldo Eusko Jaurlaritza Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Muskiz Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Zumaia Albisteak Hezkuntza EAEko Aurrekontuak