Ekonomia -
Lan istripua
Behargin bat hil da Arbizun izandako lan istripuan
Biktima Etxarri Aranatzeko 35 urteko bizilaguna da. Lan istripua Arbizuko Lakber Mecanizados enpresan gertatu da. Aurten, 27 langile hil dira Euskal Herrian.
EiTB.EUS
Langile bat hil da astearte honetan Arbizuko Lakber Mecanizados enpresan izandako lan istripuan, LAB sindikatuak jakitera eman duenez. Biktimak 35 urte zituen eta Etxarri Arantzeko bizilaguna zen.
Lakber enpresak Lakuntzan du egoitza, baina gaurko istripua Arbizun duen lantegian izan da.
Ezbeharra 08:00ak pasatxo gertatu da. Foruzaingoak azaldu duenez, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko makina batek behargina azpian harrapatu du, eta lankideek erreskatatzea lortu dute. Osasun zerbitzuetako langileak gizona suspertzen ahalegindu dira, baina ezinezkoa izan da eta behargina 08:50 inguruan hil egin da.
Hilotza Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute autopsia egiteko. Foruzaingoak ikerketa bat jarri du abian lan istripua argitzeko.
LAB sindikatuak emandako datuen arabera, aurten 27 langile hil dira Hego Euskal Herrian; horietatik bederatzi, Nafarroan, sindikatuaren esanetan.