Ekonomia -

Arau berria

Indarrean da ogiaren kalitatea zorrozten duen arau berria

Nekazaritza Ministerioaren arabera, arau honek kontsumitzaileek kalitatezko produktu etiketatuak erosteko aukera eskainiko du.

Ogia. Argzkia: EiTB
Ogia. Argzkia: EiTB
Ogiak duen irin mota bakoitzaren ehunekoa zehaztu beharko da hemendik aurrera

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik aurrera indarrean da ogiaren kalitateari buruzko arau berria, Ministro Kontseiluak apirilean errege dekretu bidez onartu zuen araua, hain zuzen ere.

Arau berriak ogi integrala, ore ama eta ohiko ogiak egiteko arau zorrotzagoak zehazten ditu. Ogi integrala egiteko, adibidez, % 100 irin integrala erabili beharko da. Erabat integralak ez diren ogien kasuan edo zerealdunetan, irinaren portzentajea zehaztu beharko da etiketan.

Ore amaren definizioa zehazten du arauak, eta "ohiko ogia" definizioa zabaltzen du. Era horretan, orain arte % 10eko BEZa zuten hainbat ogi % 4koa izatera igaroko dira "ogi arruntak" izango baitira. Araudiaren arabera, ore amak legami industrial kantitate mugatua izan beharko du eta oso zorrotzak izango dira "ore amarekin egina" etiketa jartzeko baldintzak. Ogi arruntaren orain arteko definizioa aldatzen du, gainera, arau berriak, eta gari irinaz gain beste irin mota batzuekin egindakoak ere arruntak izan ahalko dira, irin integralarekin egindakoak barne.

Ogiaren erosketa, minimo historikoetan

Elikadura kontsumoari buruzko txostenaren arabera, Espainian ogiaren salmentak % 2 egin zuen behera iaz, minimo historikoetara iritsita, eta ogi kiloa 2,40 euroan saldu zen, 2017an baino % 0,2 merkeago. Jaitsiera horiek direla eta, % 2,2 gutxitu zen ogiaren balioa merkatuan.

Ogiak honela banatzen dira: ogi berri integrala, arrunta eta gatzik gabea; eta ogi industrial egin berria eta lehorra. Ogi egin berria da herritarren artean gehien kontsumitzen dena: guztien % 23,89. Gutxien kontsumitzen dena, ostera, gatzik gabeko ogi egin berria da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak