Ekonomia -
NAVARRA
Volkswagenek Polo modelo berri bat egingo du Landabenen
2021eko bigarren seihilekotik aurrera egingo dute. Ibilgailu osagarri horren ekoizpenari esker, Landabenek "ziurtatuta dauka lan-karga".
AGENCIAS | REDACCIÓN
Nafarroako Volkswagen lantegiak Polo familiako ibilgailu berri bat egingo du 2021eko bigarren seihilekotik aurrera. Horretarako, Polo eta T-Cross ibilgailuen MQB plataforma erabiliko dute, Andreas Tostmann enpresako Ekoizpen eta Logistika arduradunak Landabeneko zuzendaritzari jakinarazi dionez.
"Volkswagen Nafarroak eskarmentu handia dauka ibilgailu txikiak egiten eta produktibitate maila oso ona lortu du. T-Cross ereduaren merkaturatzean langileak bizkor lan egiteko gai direla erakutsi dute, baita eraginkortasunez ere", esan du Tostmannek. Bestalde, antzeko ibilgailu bat izanik, Polo eta T-Cross ereduen ekoizpenean erabilitako trokel eta linea berdinak erabili ahal izango dituztela azaldu du Tostmannek. Horrenbestez, modu lehiakorrean egin ahal izango dute ibilgailu berria.
Bestalde, Emilio Saenz Nafarroako Volkswageneko zuzendariak Landabeneko beharginek egindako lana goraipatu du, "lan bikaina egin baitute". "Ibilgailu osagarri horren ekoizpenari esker, ziurtatuta daukagu lan-karga eta enplegua epe luzera", esan du.
Iruñeko lantegian egun Polo eta Volkswagen T-Cross ibilgailuak egiten dituzte. 2018an 272.272 ibilgailu egin zituzten. Gainera, 1966tik Nafarroako lantegiak eskarmentu handia hartu du ibilgailu txikien ekoizpenean. Lehendabiziko Poloa, esaterako, 1984an egin zuten; eta, gaur egunera arte 8 milioi baino gehiago egin dituzte.