Ekonomia -
Erreskate planak
Finlandiak gaur erabakiko du Portugal erreskatatzen ote duen
Ecofineko ministroek datorren astelehenean eta asteartean erabakiko dute Portugal laguntzen ote duten; Finlandiak ezezkoa emango balu Portugal porrot zorian egongo litzateke.
Erredakzioa
Finlandiako Parlamentuan ordezkaritza duten zortzi alderdi politikoek asteazken honetan erabakiko dute Portugali eman beharreko finantza-erreskatea onartzen duten edo ez. Erreskate planaren akordioa Lisboako Gobernuak, Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Futnsak adostu zuten orain dela gutxi.
Portugalek aldaketa ekonomiko ugari egin beharko ditu 78.000 milioi euroko EBren diru-laguntza jasotzeko; Finlandia izan ezik, Portugaleko alderdi politiko nagusiek eta EBko gainerako herriek laguntza hori ematea onartu dute.
Dena den, akordioa ez da aurrera aterako Ecofineko Finantza ministro guztien adostasuna ez badu lortzen; Ecofineko ministroak datorren astelehenean eta asteartean bilduko dira gai hori eztabaidatzeko; hala ere, Finlandiak bere oniritzia ez badu ematen Portugal porrot zorian geratuko da.
Portugaleko erreskate plana zaila izaten ari da, besteak beste, Finlandiako Gobernua aldaketetan murgildua dagoelako, izan ere, joan den apirilaren 17an hauteskundeak izan ziren, eta egoera politikoa erabat aldatu egin zen.