Ekonomia -
Krisia eurogunean
Socrates: 'Finantza-erreskaterako akordio ona lortu du Portugalek'
Lisboak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ez du zehaztu Portugaleko lehen ministroak, baina 80.000 bat milioi eurokoa izatea espero da.
Erredakzioa
Finantza-erreskaterako "akordio ona" lortu du Portugalek, Jose Socrates lehen ministroak iragarri duenez. Akordioak sakrifizio sozial handirik eskatuko ez duela azaldu du Socratesek, baina Portugaleko defizita heren batera murriztu beharko da.
Lisboak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa ez du zehaztu Socratesek agerraldi labur batean, baina 80.000 bat milioi eurokoa izatea espero da. Diru-laguntza funtzionarioen kaleratzeen, aparteko ordainsarien eta oporren desagerpenaren edo soldaten eta pentsioen murrizketaren menpe dagoenik ukatu du Portugaleko agintariak.
EBko eta Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) ordezkariekin negoziatutako akordioaren zehaztasunen berri ematerik ez zuela azaldu du agintari sozialistak, alderdi politikoekin hitz egin bitartean. Portugaleko defizita egungo % 9,1etik % 5,9 jaitsi beharko dute aurten, % 4,5era 2012an eta % 3ra 2013an.
Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko eta NDFko talde teknikoak erreskatearen nondik-norakoak azaldu beharko ditu datozen egunetan, jarduneko Gobernuko eta oposizioko ordezkariekin bildu ostean. Grezia eta Irlandaren atzetik, Portugal erreskatea jasoko duen hirugarren herrialdea izango da.
Herria "lasaitu"
Parlamentuak laugarren herstura-plana atzera bota zuen martxoaren 23an eta Socratesek dimisioa aurkeztu zuen. Erreskatearen baldintzen inguruan sortutako espekulazioen aurrean herria "lasaitu" nahi izan du lehen ministroak.
Defizita murrizteaz gain, pentsio handienak (1.500 euro baino gehiagokoak) soilik murriztuko dituztela azaldu du Socratesek. Era berean, gutxieneko soldata igoko dutela berretsi du, eta ez da funtzionarioen kaleratzerik izango.