Ekonomia -

Negoziazio kolektiboa

Datozen egunetan akordioa izango dela uste du Zapaterok

CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin bildu da Gobernuko presidentea eta negoziazio kolektiboa erreformatzeko eztabaidan "aurrerapausoak" eman dituztela jakinarazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CEOE patronaleko eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin bildu da Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea. Negoziazio kolektiboa erreformatzeko eztabaidan "aurrerapausoak" eman dituztela jakinarazi du Zapaterok. Datozen egunetan akordio bat lortuko dutela uste du Exekutiboko buruzagiak.

Juan Rosell CEOEko presidentearekin eta Ignacio Fernandez Toxo CCOOko eta Candido Mendez UGTko idazkari nagusiekin bildu da Zapatero gauean, Moncloako Jauregian. Negoziaketaren berri emateko deitu ditu presidenteak.

Bilera amaitu ostean bi paragrafoko ohar bat igorri du Moncloak. Bilera 21:00ak aldera hasi da.

Negoziaketan izandako aurrerapausoak "aipatu" dituzte agente sozialetako ordezkariek bileran, komunikatuaren esanetan. Era berean, "datozen egunetan behin betiko akordio zehatz bat lortzeko borondatea" agertu dute partehartzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea