Ekonomia -

Protestak

Iberiako langileek lan-etenaldiak egingo dituzte Loiun bihartik aurrera

Lanuzteak lurreko langileei eragingo die eta "astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie".

Protestak Loiuko aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE
Protestak Loiuko aireportuan
Protestak Loiuko aireportuan. Artxiboko argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Loiuko Aireportuan lan egiten duten Iberiako 270 beharginek hiru lanuzte-egun egingo dituzte bihartik (asteazkena) ostiralera arte, UGT sindikatuak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Lan-etenaldiak bederatzi ordukoak izango dira egunero, asteazken, ostegun eta ostiralean, eta "astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie".

Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute; lanaldiko orduak "zuzen banatzea, familia eta lana uztartzen lagun dezaten", eta behin-behineko langileentzat "gutxienez bi orduko lanaldiak" ezartzea, "enpresak ordubeteko kontratuak egiten baititu eta hori ezinezkoa baita". Halaber, lan-kontratu finkoak eskatzen dituzte enpresan lanean 14 urte eman dituzten behin-behineko langileentzat.

Iberia, Vueling, Lufthansa, British Airways eta Aer Lingus edo Groundforce enpresetako hegaldi askori eragingo die lanuzteak. Izan ere, aireportuko zerbitzu asko bertan behera geldituko dira: txartelen eta maleten kudeaketa, hegazkineratzeko zerbitzua, maleten karga eta deskarga, hegazkinen eskailerak eta horiek pisten artean mugitzeko atoiontzien zerbitzuak, eta abar.

Protestaren helburua ez da soldatak igotzea izango, baizik eta lan baldintzak hobetzea. Aireportu horretan asko igo da bidaiari kopurua eta, hortaz, lan zama.

Sustapen Ministerioak ezarritako zerbitzu minimoek eragin ezberdina izango dute hegaldien ibilbidearen arabera, baina, oro har, "uharteetara egindako hegaldi nazionalak errespetatu beharko ditugu, baita Estatu mailan egiten diren hegaldien % 54 eta gertukoenen % 32 zein babestutako beste hainbat hegaldi ere".

Ez dute aurreikusi hegaldiak bertan behera geratuko direnik

Iberiak, bestalde, ez du aurreikusten hegaldiak bertan behera geratu direnik bihar langileek egingo duten greba dela eta, enpresako iturriek EFEri adierazi diotenez.

Iberiak 270 bat langile ditu aireportuko instalazioetan lanean, baina Iberiarentzat ez ezik, beste enpresa batzuentzat ere lan egiten dute; IAG, Vueling (bidaiari gehien mugitzen dituena), British Airways eta Lufthansarentzat, besteak beste.

Agiri batean, Iberiak nabarmendu du "bere esku dagoen dena" egingo duela lan-etenaldien eragina ahalik eta txikiena izateko, hegaldietan eta bidaiariengan. Enpresak, aldez aurretik, barkamena eskatu die zerbitzua ematen dien aire-lineei eta bidaiariei.

Iberiak dio "ahal izan duena" egin duela lanuzteak ekiditeko, eta horregatik bildu egin dela Greba Batzordearekin eta eskatu egin duela Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza (UGTk baztertu du proposamen hori). Iberiaren iritziz, ez dago sindikatuen eskari gehienak negoziatzerik Bilboko Greba Batzordearekin, batzorde horren eskumen-arlotik kanpo daudelako; adibidez, kontratuen eraldatzearekin lotutako eskariak, ez ordaindutako baimenen gaineko artikuluei buruzkoak, atseden-epeen gainekoak, lanegunak, oporrak, edo jaiegunak. Kontua da gai horiek lurreko langile guztiekin negoziatu dituela konpainiak, Hitzarmen Kolektiboan.

Dena dela, Iberiak esan du prest dagoela entzuteko, azken minutura arte, hobekuntza- eta negoziazio-proposamen guztiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Langabezia Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak