Ekonomia -

Euren aldarrikapenen alde

Bizkaiko pentsiodunek Madrilera iritsiko den ibilaldi batean hartuko dute parte

Irailaren 23an irtengo dira Bilbotik, eta urriaren 15ean helduko dira Estatuko hiriburura; Cadiztik abiatuko den beste zutabearekin bat egingo dute bertan.

Bizkaiko pentsiodunek egindako elkarretaratze bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Bizkaiko pentsiodunek egindako elkarretaratze bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Bizkaiko pentsiodunek egindako elkarretaratze bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko hogeita hamar bat erretiratuk eta pentsiodunek eman dute izena, oraingoz, Bilbotik irailaren 23an abiatu eta Madrilera urriaren 15era iristekoa den ibilaldian parte hartzeko.

Ibilaldiaren helburua da "aurrerabideko gobernu bat galdegitea", eta euren aldarrikapenak berrestea: urtero benetako KPIa kontuan izanik handitzea pentsioen balioa, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta pentsio publikoak Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura osatzea, "ez maileguak erabiliz".

Ohar baten bidez aurreratu dutenez, pentsiodunen zutabe bat Bilbotik abiatuko da, hilaren 23an. Egun batzuk lehenago, beste zutabe bat aterako da Cadizko Rotatik, eta urriaren 15ean bat egingo dute biek Madrilen, Gorteen aurrean elkarretaratzea egiteko.

Guztira, 22 etapa izango ditu ibilaldiak, eta mediku-laguntza eta hornidura izango dute parte-hartzaileek, baita materiala garraiatzeko aukera ere; horretarako, pentsiodunen elkarteen, gizarte-eragileen eta udalen babesa izango dute.

Bizkaian 30 lagunek eman dutela izena nabarmendu dute; izan ere, "adineko jendearentzat 400 kilometroko ibilaldia egitea erronka handia da, oso luzea baita".

Ekimen honen bidez, bizkaitar erretiratuek 1992ko "Burdinaren Ibilaldia" ekarriko dute gogora. Orduan, duela 27 urte, Ensidesa eta Altos Hornos de Vizcaya enpresetako langileak Oviedotik eta Bilbotik joan ziren Espainiako hiribururaino, euren lanpostuen alde egiteko asmoz.

"Ez dugu hauteskunderik nahi, ez dira beharrezkoak", aldarrikatu dute astelehenean Bilbon

Bitartean, ehunka erretiratuk eta pentsiodunek elkarretaratzea egin dute astelehen eguerdian, 2018ko urtarriletik astelehenero egin duten bezala, Bilboko Udaletxearen aurrean. Ekitaldian, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduaren bozeramaileen hitzetan, "kezkagarria" litzateke euren aldarrikapenetarako Gobernurik ez osatzea eta berriro ere hauteskunde orokorrak deitzea.

"Ez dugu hauteskunderik nahi. Ez dira beharrezkoak. Egingo balituzte, eskuinak beste aukera bat izango luke", nabarmendu dute bizkaitar pentsiodunek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Erretirodunak azken ordukoa