Ekonomia -

Zergak

Bizkaiak 'nabarmen irregularrak' diren errenten fiskalitatea aldatu du

Athletic Club izango da neurriaren abantailak aprobetxatuko dituenetako bat, zerga gutxiago ordainduko baititu jokalarien soldatetan. Alavesek eta Baskoniak dagoeneko eskatu dute arau bera Araban.

Athleticeko jokalariak izango dira onura jasoko dutenetako batzuk. Argazkia: Efe
Athleticeko jokalariak izango dira onura jasoko dutenetako batzuk. Argazkia: Efe
Athleticeko jokalariak izango dira onura jasoko dutenetako batzuk. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Aldundiak "nabarmen irregularrak" diren errenten gaineko fiskalitatea aldatu du, eta aurrerantzean diru-sarrera horien erdiengatik ez da zergarik ordaindu beharko. Aldundiaren arabera, neurriak nazioarteko inbertsio funtsen kudeatzaileak erakarri nahi ditu, 'brexit'aren eraginez Londrestik joan daitezkeenak tarteko, baina beste batzuei ere egingo die mesede, Athletic bezalako kirol taldeei, besteak beste, jokalarien soldatetan zerga gutxiago ordaindu beharko baitute.

Diru-sarrera bereziak dituzten herritarrei eragiten die neurriak. Adibidez, diru-funtsen kudeatzaileek dirutzak jaso ditzakete urte batean, baina urteak eman dituzte diru-sarrera hori lortzeko. Futbolarien kasua antzekoa da, mugatutako epe batean dirutza handiak jasotzen baitituzte, baina ez dute gehiago jasotzen erretiroa hartzen dutenean. Ogasunak uste du kasu bereziak direla eta ez litzatekeela justua izango PFGZ arrunta aplikatzea, gainerako langileei bezala, % 49a zergatan ordaindu beharko bailukete.

Orain arte, Bizkaiko Aldundiak gehienez 150.000 euro uzten zituen zergarik gabe, baina muga hori kendu du. Hori horrela, errenta mota horiek ez dute PFGZ ordainduko, diru-sarreraren zenbatekoa dena delakoa izanda ere.

Aldaketarekin Europako araudira gerturatu nahi dute, eta funtsen kudeatzaileak erakarri. Baina Athletic bezalako kirol taldeei ere egingo die mesede. Izan ere, taldeak izaten dira futbolarien zergak ordaintzen dituztenak, eta orain dezente gutxiago ordainduko dute. 10 milioi eurotik hiru bat milioi aurreztuko dituzte.

Gipuzkoako eta Arabako Aldundiek ez dute araua indarrean jarriko, eta 150.000 euroko mugari eutsiko diote, Radio Euskadik jakinarazi duenez.

Alavesen eta Baskoniaren eskaera

Egoera horren aurrean, Deportivo Alavesek eta Baskoniak ez dute itxaron euren lurraldean Bizkaiko arau bera jar dezatela eskatzeko.

"Albiste positiboa eta garrantzia handikoa da gure lurraldeetako kirol profesionalarentzat, jokalariak kontratatzeko lehiakortasuna handitu dezakeelako, eta, orokorrean, taldeen maila hobe dezakeelako", prentsa-oharrean azaldu dutenez.

Era berean, iritzi diote "interesgarria" izango litzatekeela neurria gainerako lurraldeetan ere aplikatzea, "talde guztien eta lehiaketaren beraren lehiakortasuna bermatzeko, eta egoera beraren aurrean tratamendu desberdinak saihesteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Baskonia Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Alaves albisteak Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia albisteak