Ekonomia -

Akordioa sindikatuekin

Telefonicak 4.500 langilerentzako irteera-plana sinatu du, 2019rako

Akordioa enpresak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute. Borondatezko plana da, eta 53 urtetik gorako langileei eskainiko diete.

Telefonicako langileek hitzarmen kolektibo berria izango dute. EiTBren bideo bateko argazkia.
Telefonicako langileek hitzarmen kolektibo berria izango dute. EiTBren bideo bateko argazkia.
Telefonicako langileek hitzarmen kolektibo berria izango dute. EiTBren bideo bateko argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telefonicako zuzendaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek Enplegu Etendura Banako Plana sinatu dute ostiral honetan, 53 urteko edo adin horretatik gorako langileentzat. Borondatezko plana izango da, eta enpresaren 4.500 langilek baino gehiagok izango dute horri atxikitzeko aukera Estatuan.

Bi aldeek enpresaren hitzarmen kolektiboa sinatu dute, 2019tik 2021era arte indarrean izango dena, eta beste urtebeterako ere luzatu liteke. Hitzarmen horretan, langileei aukera emango zaie astean behin etxetik lan egiteko, EFEri negoziazioaren iturriek jakitera eman dionez.

2016an sinatutakoaren parekoa da Enplegu Etendura Banako Plana. Besteak beste, baldintza hauek eskainiko dizkie langileei: 65 urtetara arte, soldata gordinaren % 68ko ordainketa; aseguru medikoa; eta Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketa, erretiroa hartu arte. Bitartean, hitzarmenak soldata urtero % 1,5 igotzea aurreikusten du, Telefonicaren iturrien arabera.

Akordio honekin, negozioaren jasangarritasuna bermatuta dago, eta gainera, Emilio Gayo Telefonica Españako presidenteak esan duenez, "aurrerapen handia da konpainia  digitalagoa eta malguagoa izatera heltzeko, eta etorkizuneko erronketarako prestatuago egon ahal izateko". Gayok oharra helarazi die langileei, eta EFEk ohar hori aztertu ahal izan du.

Plana borondatezkoa da, unibertsala eta ez diskriminatzailea; Gayok zehaztu duenez, "puntuala" da, urte honetarako soilik.

Datorren astean hasiko dira elkarrizketak

Enpresak aurreikusita du datorren astean ekitea elkarrizketei eta planarekiko atxikimendu-sinadurei. Planak Telefonica Españako, Telefonica Movileseko eta Telefonica Solucioneseko 4.500 langileri baino gehiagori eragingo die, baina baliteke guztiek izena ez ematea. Guztira, lantaldean 21.000 langile daude.

Langileek urriaren 31ra arte dute izena emateko epea; gutxienez, 15 urteko antzinatasuna izan behar dute, eta 2019an 53 urte beterik izatea.

Hitzarmenak, bere aldetik, langile guztientzako % 1,5eko soldata-igoera aurreikusten du, indarrean dagoen urte guztietarako, eta, gainera, urteroko plus bat ere txertatzen du: 2020an eta 2021ean, 300na eurokoa izango da. Horietatik, urtero, 150na finkatu ahal izango dituzte langileek.

Ostiral honetako berritasuna da, negoziazioaren barnean, etxetik lan egiten duten langileen kopurua handitzea adostu dutela; halaber, aztertuko dute ea posible den langileek, posible den arloetan, astean behin etxetik lan egin ahal izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Telefonia mugikorra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak