Ekonomia -

Diru-laguntzak

Amatasunagatik PFEZ itzultzeko eskakizunak atzera bota dituzte Nafarroako epaitegiek

Auzitegi Gorena amen alde agertu zen Espainian, baina zerga-autonomiaren ondorioz epaia Foru Erkidegoan aplikatzerik ez dagoela ebatzi du Nafarroako epaileak orain.

Artxiboko argazkia: Pixabay.com
Artxiboko argazkia: Pixabay.com
Artxiboko argazkia: Pixabay.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amatasun diru-laguntzen PFEZ itzultzeko sei eskaera atzera bota ditu Administrazioarekiko auzien Iruñeko epaitegiek. Nafarroako Parlamentuak diru-laguntzak zerga-salbuespenetik at nahita utzi zituela uste du epaileak.

Auzitegi Gorena amen alde agertu zen Espainian, baina zerga-autonomiaren ondorioz epaia Foru Erkidegoan aplikatzerik ez dagoela ebatzi du Nafarroako epaileak orain.

Horrela, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez, Foru Gobernuari arrazoia eman dio, eta amatasunagatik PFEZ itzultzeko sei eskakizunak atzera bota ditu.

Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien aretoaren aurrean kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera dute gurasoek. Sei helegiteak aztertu dituen epailearen arabera, amatasun diru-laguntzak PFEZren salbuespenetik kanpo utzi nahi izan zituen Nafarroako Parlamentuak.

Gainera, Auzitegi Gorenak Espainiarentzako finkatu zuen doktrina Foru Erkidegoan aplikatzerik ez dagoela uste du epaileak, Konstituzioak Nafarroari zerga-autonomia aitortzen diolako. Era berean, zerga arautzen duten bi legediak (Estatukoa eta Nafarroako) homologoak ez direla ebatzi du epaileak.

Epaile berdinak igorri ditu sententziak Administrazioarekiko auzien Iruñeko hiru epaitegitan; izan ere, bertako epaileak abstenitu dira auzi-jartzaileen antzeko egoeran zirelako. Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-administratiboak hartutako erabakien aurka helegitea aurkeztu zuten sei gurasok. 2016ko PFEZrekin lotuta Ogasunari egindako eskaerak atzera bota zituen auzitegiak.

2018ko urriaren 3an, Gizarte Segurantzako amatasun diru-laguntza publikoak PFEZtik salbuetsita direla zehaztu zuen Auzitegi Gorenak. Estatuko legearen artikulu baten irakurketa egin zuen Gorenak; nahiz eta zerga arautzen duen foru arauak bezalaxe, ez du amatasuna zergatik salbuesten.

Epaileak azaldu duenez, indarrean dagoen foru araudiaren arabera gaia aztertzea zegokion, helburu politiko edo sozialak alde batera utzita.

Auzi-jartzaileek Nafarroako gurasoen ustezko diskriminazioa planteatu zuten helegiteetan, baina epaileak argudio hori errefusatu egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Auzitegi Gorena argazkiak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Umeak Dirulaguntzak Euskadin Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiketak Zerga politika gaur