Ekonomia -

Finantzen Euskal Kontseilua

120 milioi euro gehiago bilduko dituzte EAEko Ogasunek 2019an

Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien arabera. EAEko ekonomiaren egoera "mesedegarria" da, baina kontuan hartu behar da nazioarteko egoera ekonomikoa eta politikoa "zalantzaz beteta dagoela".

Consejo Vasco de Finanzas Públicas de este viernes. Foto: Irekia
Consejo Vasco de Finanzas Públicas de este viernes
120 milioi euro gehiago bilduko dituzte EAEko Ogasunek 2019an

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantzen Euskal Kontseiluak aurtengo zerga itunduen diru-bilketaren itxierako aurreikuspenak iragarri ditu ostiral honetan: 15.386 milioi euro, hasiera batean aurreikusitakoa baino 120,7 milioi gehiago (% 0,8 gehiago). Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien arabera, egoera ekonomikoa "mesedegarria" da EAEn, baina etorkizun ekonomikoa eta politikoa "zalantzaz" beteta dagoela azpimarratu dute.

Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburua; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Arabako, Bizkaiko, eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hurrenez hurren; eta Gorka Urtaran, Eudeleko presidentea Gasteizen batzartu dira, 2019ko diru-bilketaren aurreikuspenak itxi eta 2020koak zehazteko. EAEko egoera ekonomikoaren harira, "konfiantza mezu bat" zabaldu du Azpiazuk, baina nazioarteko egoera ikusita "arretaz" ibiltzeko ere gomendatu du.

Aurreikuspenen arabera, 2020an foru aldundiek 15.767,8 milioi euro bilduko dituzte zerga itunduetatik; % 2,5 gehiago, 2019rako aurreikusitako itxierako bilketaren aldean.

Foru Aldundiek erakunde komunei egingo dizkieten ekarpenei dagokienez, 10.473 milioi euroko zenbateko globala adostu da, ondoko ekarpen-koefiziente horizontalen arabera 2020rako: % 16,27 Araba, % 50,39 Bizkaia eta % 33,34 Gipuzkoa.

Egokitzapenerako Funts Orokor horren 2020rako behin-behineko zenbatekoa 137,9 milioi eurokoa izango da. Funts horren finantzazioaren % 70,04 Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio eta gainerako % 29,96a Foru Aldundiei, bakoitzak bere koefiziente horizontalen arabera.

Funts hori Arabako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen artean banatuko da; haiei dagokie, hurrenez hurren, 57.071.113 eta 80.922.885 euro.

Finantzen Euskal Kontseiluak berriro erabaki du 2020ko ekitaldirako 20 milioi euroko ezohiko funtsa eratzea, gizarte-zerbitzuen eta prestazioen kartera garatzeko jarduerak finantzatzeko.

Sailburuak eta ahaldun nagusiek Aurrekontuen egonkortasunari eta gastuari buruzko Legean aldaketak egitea eskatu dute: Lege horrek debekatzen du diru-bilketan lortutako soberakina inbertsio produktiboetara bideratzea. Soberakin hori zorra kitatzera behartzen du Legeak.

Nazioartean, ziurgabetasuna

Kanpoko bi faktore dira kezkagarrienak: balizko akordiorik gabeko brexit batek izango lituzkeen ondorioak, eta AEBk iragarritako muga-zergak. Igoera horren eragina 7,6 milioi bat eurokoa izango litzateke Euskadin, gauzatuz gero. Gainera, dezelerazio-zikloa iritsiko omen da ekonomiara.

Horrek guztiak eragina izango du datorren urteko bilketen aurreikuspenetan. Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenaren arabera, Barne Produktu Gordinak % 2,3 egingo du gora aurten eta % 2 datorren urtean. Irailaren amaieran, baina, lehendakariak berak esan zuen litekeena dela ekitaldi honetan % 2,2 egitea gora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Euskadiko Udalen Elkartea albisteak Euskadiko Udal Aurrekontuak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak