Ekonomia -

Lan-gatazka

Itunpeko ikastetxeen lan-gatazkan bitartekari izateko prest agertu da Hezkuntza Saila

Cristina Uriarte negoziazioan bitartekari izateko prest agertu da, "egoera horri irtenbidea eman behar zaiolako". Dena dela, greba deialdia "neurrigabea eta zentzugabea" dela esan du.

Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua. Argazkia: EFE
Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua. Argazkia: EFE
Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua. Argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ostegun honetan jakinarazi duenez, prest dago gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako patronalarekin eta sindikatuekin biltzeko, baina, lan-gatazka hori konpondu ahal izateko, negoziazioa abiatzeko eskatu dio Lan Harremanen Kontseiluari (LHK).

Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, ikastetxe horietako irakasleen sindikatu gehienek hilabeteko greba deialdia egitea kritikatu du sailburuak, "neurrigabea eta zentzugabea" dela iritzita.

"Ezin ditugu ikasleak, familiak eta ikastetxeak hilabetez klaserik gabe utzi", salatu du Uriartek, eta, lan-gatazkari irtenbidea emateko, Jaurlaritzak proposamen ezberdinak egin dituela gogorarazi du.

Testuinguru horretan, Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) sindikatuen, patronalaren eta Hezkuntza Sailaren arteko bilera deitzen badu, bertaratzeko prest daudela aurreratu du sailburuak.

"Bitartekaritza mahai gainean egon den tresna bat da. Orain arte, bi aldeak ez dira lan-gatazkari irtenbide bat emateko gai izan. LHK-k deitzen bagaitu, bilera horretara joango gara, egoera horri irtenbidea eman behar zaiolako. Akordioa lortu nahi dugu”, azaldu du Uriartek.

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek hilabeteko greba deitu dute azaroaren 7tik abenduaren 5era gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzan, hitzarmena eguneratzea aldarrikatzeko; izan ere, hamar urte daramatza berritu gabe.

Grebak 100.00 ikasleri eragingo lieke. Azken bi ikasturteetan, 27 lanuzte deitu dituzte (horietatik 24 aurreko ikasturtean), kolektiboaren lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena berritzea eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan adierazi du ez duela lan-gatazketan esku-hartzeko asmorik, eta, aurrekoetan, Lan eta Justizia Sailaren bidez bitartekari izateko prest agertu da. Kasu honetan ere bere asmoa agertu du, baina logikoagotzat jo du eginkizun hori LHKren esku uztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak