Ekonomia -
VS20 modeloa ekoizteko
Mercedeseko langileek esan dute ez dutela murrizketarik onartuko
Gasteizeko lantegiko zuzendaritzak lan-kostuak % 10eko murrizketa egitea proposatu du, Mercedes VS20 berria bertan ekoitzi ahal izateko.
Erredakzioa
Mercedesek Gasteizen duen lantegiko enpresa-batzordeak iragarri duenez, langileek ez dute onartuko zuzendaritzak VS20 berria ekoizteko baldintza bezala ezarritako murrizketa.
Batzordeko ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen, Emilio Titos zuzendariak egindako proposamena onartuko ez dutela iragartzeko.
Stuttgartera egindako bisita ofizialean, Titosek adierazi zuen VS20 ibilgailu berria oso-osorik Gasteizen ekoitzi ahal izateko ezinbestekoa zela lan-kostuak eta hornikuntzakoak % 10 eta % 25 murriztea, hurrenez hurren. Mercedes enpresak Gasteizen duen lantegian 3.200 langilek egiten dute behar, eta horien ordezkariek gaur azpimarratu dutenez, modelo berria bertan egitea nahi dute, baina horretarako lan-baldintzetan atzera egitea ez dela beharrezkoa azpimarratu dute. Batzordeak kritikatu duenez, "VS20 modeloa egiteko, zuzendaritzak malgutasun handiagoa nahi du dohainik, eta horrek soldata murrizketak eta prekarietate gehiago esan nahi du". Hori dela eta, zuzendaritzaren plana ez onartzea erabaki dute.