Ekonomia -

Nazioarteko Diru Funtsa

Stanley Fischer Israelgo Bankuaren burua, NDFren presidentegai

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariorde izan zen 1994 eta 2001 artean eta 67 urte ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Stanley Fischer Israelgo Bankuko gobernadoreak Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari izateko hautagaitza aurkeztu du, Dominique Strauss-Kahnen kargua hartzeko.

"Aukera paregabea sortu da, aurreikusi gabe nuena, agian NDFren zuzendari izateko aukera bakarra izan liteke eta asko pentsatu ondoren, aprobetxatzea erabaki dut", adierazi du Fisherrek Haaretz egunkari israeldarrari bidalitako agiri batean. "Prozesu zaila eta oztopoz betea" izango dela aitortu du.

Fisherrek dagoeneko jakinarazi die erabakia Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrari eta Yuval Steinitz Finantza ministroari.

Egun, hautagai faboritoa Christine Lagarde Finantza ministro frantziarra da, NDFren lehenengo emakumezko presidentea izango litzatekeena.

Europar Batasunak europar baten esku nahi du NDF, tradizioak hala esaten duelako, baina garapen bidean dauden herrialdeek ekonomia berriren bateko norbait nahi dute.

Strauss-Kahn atxilotu ondoren egindako zenbait inkestek erakusten dutenez, Fisher da ekonomialarien, arrisku-agentzien eta finantza erakundeen hautagai gogokoena. Kontra dituen ezaugarriak estatubatuarra dela, nahiz eta orain Israelgo naziotasuna eduki, eta adina, izan ere, 67 urte ditu, eta 65 urtetik gorakoek debekatuta dute kargu hori hartzea, eta 70 urtetik aurrera postuan mantentzea.

Alde du, hala ere, 1994 eta 2001 artean NDFren zuzendariorde izan zela.

2005etik Israelgo Bakuaren buru izan da eta hainbat sari irabazi ditu krisi garaian hartutako erabakiengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea