Ekonomia -

Lan gatazka

Blokeoak jarraituz gero, Haurreskoletan protestak egingo dituzte ELAk eta Steilasek

Sindikatuek salatu dutenez, egindako greba eta mobilizazioen ondoren, Haurreskolen Partzuergoak "berriro blokeatu du negoziazioa".

Haurreskoletako langileen protesta bat. Argazkia: @ELAsindikatua
Haurreskoletako langileen protesta bat.
Haurreskoletako langileen protesta bat. Argazkia: @ELAsindikatua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta Steilas sindikatuek ohartarazi dutenez, "mobilizazioekin jarraitu beste biderik ez dugu izango" Haurreskolak Partzuergoarekin negoziazioa berrabiarazi ezean. Hala, dei egin diete Hezkuntza Sailari eta Partzuergoari berari berriro negoziazio mahaia biltzeko.

Ohar batean azaldu dutenez, hainbat mobilizazio eta sei greba egun egin zituzten aurreko ikasturtean, eta "horri esker" lortu zuten Haurreskolen Partzuergoarekin negoziazioa abiatzea. Ikasturte honetan beste bost greba egun egin badituzte ere, irailaren 11tik "blokeatuta dago negoziazioa".

Sindikatuon hitzetan, "garbi dago mobilizazioak eteten diren momentutik Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako epeak luzatzen ari direla".

Salatu dutenez, "egoera ez da aldatu azken negoziaziotik. Ez dago lanpostu zerrendarik, ez da egin zerbitzu guztietako lan-kargen benetako azterketarik, ez dago EPE baterako negoziaziorik, ordezkoen eta barne sustapenerako araudiak bukatu gabe daude. Haurreskolak Partzuergoak mahai negoziatzailean adostutako epeak ez ditu bete".

Halaber, "ulertezina eta salagarria da egoera larri horren aurrean Haurreskolak Partzuergoak negoziazioa blokeatuta edukitzea eta dagokion erantzukizuna baztertuz negoziazioaren ardura guztia Hezkuntza Saila zein Eusko Jaurlaritzaren gain uztea", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Umeak Steilas Lan gatazkak