Ekonomia -

Zibererasoak

Ziur zibersegurtasun zentroa, Gipuzkoako enpresen 'aliatu estrategikoa'

Ziurren helburua enpresei laguntzea da, aldaketetara etengabe egokitu daitezen, eta beti izan dezaten zibersegurtasun maila gorena.

Ziur, zibersegurtasun zentroa. Argazkia: EFE
Ziur, zibersegurtasun zentroa.
Gipuzkoako zibersegurtasun zentroa inauguratu dute gaur

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziur Gipuzkoako zibersegurtasun industrialeko zentroak "jaiotza ofiziala" ospatu du ostiral honetan, benetako mehatxu baten aurrean zibererasoen prebentzioan lurraldeko enpresen "aliatu estrategikoa" izateko helburuarekin.

Urtebeteko ibilbidearen ostean, gaur egin dute inaugurazio ekitaldia. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea bertan izan dira, zentroa bultzatu duten eta Ziur Fundazioa eratu duten erakundeetako ordezkari nagusiak baitira.

Lurraldeko industriako eta ezagutza eta berrikuntza zentroetako ehun bat ordezkariren aurrean, Carlos Abad Ziurreko zuzendariak azaldu du bere lantaldearen lana enpresei laguntzea dela, aldaketetara etengabe egokitu daitezen eta beti zibersegurtasun maila gorena izan dezaten.

Prebenitzeko aholkularitza zerbitzuaz gain, enpresak segurtasun sektoreko eragile bereziekin harremanetan jarriko ditu zentroak, bakoitzaren beharrizanen arabera.

Azken finean, Gipuzkoako enpresen zibersegurtasun gaitasuna hobetzeko bultzada bat eman nahi du zentroak, lehiakortasun faktore bat delako.

Azken urtean Ziurren lantaldeak dozena bat laborategi bisitatu, sektoreko eragileekin ehunka bilera egin eta 20 bat enpresa artatu ditu, Abadek azaldu duenez.

Enpresek proiektua "ongi" hartu dutela egiaztatu dute. “Ziur ezagutzeko interesa, zentroarekin hartu-emana nola egin eta zibersegurtasun gaitasuna areagotzeko laguntza nola jaso lantzen ari gara bileretan”, adierazi du.

"Industria enpresentzako erosotasuna sortu" nahi du Ziurrek, Abadek nabarmendu duenez. Urte bukaera zentroak egoitza digitala martxan jarriko duela iragarri du zuzendariak.

Zentroa Zuatzuko industrialdean dago, eta 250 metro karratu ditu. Lanerako bi esparru ditu: gaitasun eta sentsibilizaziorako jarduerak; eta saiakuntza eta ezagutza behatoki eta laborategi batean.

Instalazioak diseinatu eta eraikitzeko milioi bat euro behar izan dituzte. Diru ekarpena 2018an eta 2019an zehar egin dute erakundeek. Orain 500.000 euro inguru bideratuko dituzte zibersegurtasun industrialeko laborategia hornitzeko.

Datozen hilabeteetan, zibersegurtasunarekin lotutako tailerrak antolatuko ditu zentroak. Era berean, saiakuntzarako proiektuak martxan jarriko ditu.

Zibersegurtasuna lurraldeko enpresentzat "berebizikoa" dela azpimarratu du Markel Olanok; izan ere, % 80 Sarera konektaturik daude, nahiz eta hirutik bakarrak soilik segurtasun protokoloak izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Ekonomia Markel Olano Eguneko albisteak Albisteak Zibererasoak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak