Ekonomia -

'Villarejo' auzia

Francisco Gonzalez: 'BBVAk eta bere zuzendaritzako kideek zintzo lan egin dute beti'

BBVAko presidente ohia kautelazko neurririk gabe aske utzi du Auzitegi Nazionalak, ustelkeriaren aurkako galdeketa luze bati erantzun ostean.

Francisco Gonzalez. Argazkia: EFE
Francisco Gonzalez
Francisco Gonzalez. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohiak ikertu gisa deklaratu du gaur, astelehena, Auzitegi Nazionalean, eroskeria eta sekretuak ezagutarazi eta agerraraztea egotzita, Jose Villarejo komisario ohiari egindako ustezko espioitza enkarguaren harira. Gonzalezek erakundearen eta zuzendaritzako kideen jarduna defendatu du.

"Ikerketa amaitu ondoren, oso argi geratuko da BBVA Taldeak eta bere zuzendariek beti lan egin dutela modu zintzo eta eredugarrian, nahiz eta, logikoa denez, une honetan ezagutzen ez dudan banakako jokabide irregularren bat egon", adierazi die komunikabideei Auzitegi Nazionaletik irtetean.

Galderarik gabeko adierazpen labur batean, Gonzalezek azaldu du "gardentasun osoz eta argitasun osoz" erantzun diela instruktoreari eta Ministerio Publikoari, uztailean komunikatu batean adierazitakoaren ildotik, "interes handia" agertu baitzuen deklaratzeko.

"2018ko maiatzean jakin genuen Cenyt Taldeak BBVA Taldeari zerbitzu batzuk eman zizkiola. Berehala ikerketa bat ireki genuen lan horien norainokoa zehazteko. Ondoren, pieza judizial bat ireki zuten", kontatu du prentsaren aurrean.

BBVAk "bezeroen eta akziodunen mesedetan lan egiten duen eta gizarteari zerbitzu garrantzitsuak ematen dizkion nazioarteko erakunde handia dela" defendatu du.

Manuel Garcia Castellon Villarejo auziko epaileak ostegunean hartu zuen Gonzalez deklaratzera deitzeko erabakia, ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Gonzalez inputatzeko eskatu ostean. Uztailean, bankua pertsona juridiko gisa auzipetzea eskatu zuen Fiskaltzak, eroskeria, sekretuak agerraraztea eta ustelkeria egotzita.

Gonzalez bankuko beste zuzendari eta zuzendari ohi batzuekin batera ikertua izaten ari da, Tándem auziko 9. pieza bananduan, ustez legez kontrakoak diren Villarejoren jarduerei buruz, eta, zehazki, BBVArentzat 13 urtez eta 10 milioi eurotik gorako zenbatekoan egin izan lituzkeen lanei buruz.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak ez du kautelazko neurririk jartzeko eskatu. Kautelazko neurriak BBVAko Segurtasuneko burua izan zen Julio Corrochanori ezarri dizkiote soilik; izan ere, pieza horretan 300.000 euroko fidantza ezarri diote, Villarejoren solaskidea zela uste baitute.

Ayusok lekukotza eman du eta Bonillak ez du deklaratu

Astelehen honetan, Javier Ayuso komunikazio zuzendaria ere agertu da, lekuko gisa. Epailearen eta fiskalen galderei 45 bat minutuz erantzun die.

Jarraian, bigarren jardueran Villarejoko enpresentzat lan egiten zuen Antonio Bonilla poliziaren txanda izan da. Iturri juridikoek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez, ez deklaratzeko eskubideaz baliatu da, auzia sekretupean dagoelako.

Astearte honetan Juan Asua, Carlos Torres finantza erakundeko presidentearen txanda izango da; baita Eduardo Arbizu aholkulariaren txanda ere; izan ere, joan den uztailera arte, BBVAren inputazioaren berri izan zutenean, BBVAren Barne Erregulazio eta Kontrolerako arduraduna zen.

Halaber, Manuel Castro erakundeko Arrisku burua eta Jose Manuel Garcia Crespo eta Eduardo Ortega zerbitzu juridikoetako arduradunak ere deitu dituzte, guztiak ere eroskeria eta sekretuak ezagutarazteagatik ikertuak, Europa Press albiste-agentziaren arabera.

Guztira, bankuko hamar bat goi-kargudun deitu dituzte Auzitegi Nazionalean ikertu gisa deklaratzera.

BBVAk pertsona juridiko gisa deklaratuko du

Halaber, BBVA pertsona juridiko gisa deklaratzera deitu du Villarejo auziko epaileak asteazkenerako, azaroaren 20rako, hau da, Francisco Gonzalez presidente ohiak inputatu gisa deklaratu eta bi egunera.

Auzitegi Nazionaleko epaileak uztailean inputatu zuen bankua pertsona juridiko gisa, eroskeria, sekretuak agerraraztea eta negozioetan ustelkeria leporatuta, eta irailaren 24rako banku horren legezko ordezkari bat deklaratzera deitu zuen.

Alabaina, magistratuak egin behar izan zuen bidaia baten ondorioz, urriaren 10era atzeratu zen, eta, azkenean, epaitegiaren agenda kontuak zirela eta, asteazkenerako jarri dute deklarazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Lana albisteak Delituak albisteak Iruzurrak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal enpresak azken ordukoa