Ekonomia -

Krisi ekonomikoa

Jaurlaritzak murrizketa plan berria iragarri du uda bukaerarako

Hala ere, ez ditu Hezkuntzako, Osasun Saileko eta zerbitzu sozialetako partidak ukituko. Lehendakariak bilera egingo du EAEko hiru diputatu nagusi berriekin.

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EITB
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak murrizketa plan berria indarrean jarriko du uda bukatzean, baina ez ditu Hezkuntzako, Osasun Saileko edo zerbitzu sozialetako partidak ukituko, gaur Idoia Mendia bozeramaileak iragarri duenez.

Funtzionarien soldatak ere ez ditu murriztuko, Gobernu bileraren ondorengo agerraldian Mendiak azaldu duenez.

Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, espero baino diru gutxiago biltzen ari dira, tartean Foru Aldundietako Ogasunen bilketagatik eta Rover auziagatik. Zentzu horretan, "ezinbestekoak ez diren" gaietan murrizketak egingo dituztela esan du, baina ez du xehetasun gehiago eman.

Mendiaren arabera, Jaurlaritza gastu publikoa murrizteko prestatzen ari den planak "giharrari baino gizenari" eragingo dio, baina bozeramaileak onartu duenez, gastu arrunta murriztea "ez da nahikoa izango" bildutako diru-kopuruaren beherakadari (mantentzen bada) eta Rover auziaren eraginei aurre egiteko.

Mendiaren arabera, gastua "ahalik eta gehien" doitu behar du Jaurlaritzak, dirua "ahalik eta hoberen erabiltzeko helburuarekin". Osasunari, Hezkuntza Sailari eta zerbitzu sozialei ahalik eta diru gehien bideratuko dutela agindu du Mendiak.

Ez du daturik eman, baina 2011ko egoera ekonomikoa eta Foru Aldundien zerga-bilketa espero zutena baino "txarrago" doala onartu du Idoia Mendiak.

Honekin batera, ''Rover auzia'' ere aipatu du (Espainiari 435 milioi euro eman beharko dizkio Arabak). Guzti honen ondorioz, Jaurlaritzak murrizketa plan berria martxan jar dezake uda bukatzean.

Diputatu nagusi berriekin bilera

Bestalde, Patxi Lopezek bilera egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru diputatu nagusi berriekin, fiskalitateari buruz eta gizarte gaiei buruz hitz egiteko. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiak osatuta daudenean egingo ditu bilerak, Mendiak iragarri duenez.

Hiru diputatu nagusiekin egun berean egingo ditu bilerak, banan banan. Ondoren, lehendakariak berak emango ditu bileren inguruko xehetasunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea