Ekonomia -
Goi-bilera Bruselan
Greziari laguntzeko bigarren erreskate bat eskatu du EBk uztailerako
Neurria abian jartzeko "Greziako Parlamentuak estrategia fiskalean eta pribatizazioetan lege garrantzitsuak onartu" beharko dituela esan dute euroguneko gobernuburuek eta estatuburuek.
Erredakzioa
Uztailaren hasieran Greziari laguntzeko bigarren erreskate egitasmoa prest izateko lanak amaitzea eskatu dute gaur euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek, goi-bilerako aurreneko jardunaldiaren ostean argitaratutako adierazpenaren arabera.
Agiriaren arabera, euroguneko Ekonomia ministroek ekainaren 20an erabakitako ikuspuntuarekin bat datoz buruzagiak, Greziako bigarren erreskatean "sektore pribatuaren parte-hartze boluntarioa sustatu" behar dutela, alegia. Bigarren erreskate hori "iturri ofizialek eta pribatuek" finantzatuko dutela dio adierazpenak.
Greziako zorra ez ordaintzea saihestuz parte hartuko du sektore pribatuak, euroguneko Ekonomia ministroek adostu eta estatuburuek eta gobernuburuek gaur berretsi dutenez.
Greziako Parlamentuaren erabakiak
Neurria abian jartzeko "Greziako Parlamentuak estrategia fiskalean eta pribatizazioetan lege garrantzitsuak onartu" beharko dituela esan dute euroguneko gobernuburuek eta estatuburuek. Asteartean Parlamentu horren botoaren zain egongo dira.
"Datozen egunetan lanak premiaz amaitu beharko ditu Greziako Parlamentuak", azaltzen du adierazpenak.
Agiriaren arabera, "euroguneak eta Nazioarteko Diru Funtsak babestuko duten programa berriaren parametroak diseinatzeko oinarriak azalduko" ditu Greziako Parlamentuak. Horrela, 12.000 milioi euroko bosgarren laguntza tartearen "ordainketa" baimenduko dute uztaileko epemugaren barnean.
"Grezian beharrezko diren erreformen garrantzia eta izaera ikusita, batasun nazionala beharrezkoa da arrakasta lortzeko", adierazi dute Europako buruzagiek adierazpenean.