Mundua -
Krisia Grezian
Greziako Parlamentuaren konfiantzazko botoa lortu du Papandreuk
Bozketa erabakigarria zen, izan ere, Gobernua moldatu ostean osatutako Exekutiboak neurri berriak hartu beharko ditu ekaina amaitu baino lehen.
Erredakzioa
Yorgos Papandreu sozialistaren Gobernu berriak Greziako parlamentuaren konfiantzazko botoa lortu du gauerdian, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Bozketa erabakigarria zen, izan ere, Gobernua moldatu ostean osatutako Exekutiboak neurri berriak hartu beharko ditu ekaina amaitu baino lehen, herrialdearen porrota saihesteko Europar Batasuneko bazkideen erreskate berria lortu ahal izateko.
Eztabaida luze baten ostean, PASOK alderdia Parlamentuan duen gehiengoaz baliatu da eta diputatuen erdiak baino gehiagok Gobernua babestu dute. Konkretuki, aldeko 155 boto lortu ditu mozioak, kontrako 143 eta bi abstentzio.
"Beldurturik bagaude, aukera alferrik galtzen baldin badugu, historiak gogor epaituko gaitu", adierazi du Papandreuk bozketa egin baino lehen. Azkenik, PASOK alderdiko kide guztiek Gobernuaren alde bozkatu dute.
Konfiantzazko botoa lortu eta gero, herstura neurriak aurrera atera behar ditu lehen ministroak hurrengo astean, gastu publikoa murrizteko, zergak igotzeko eta Estatuaren aktiboak saltzeko. Greziak behar duen 12.000 milioi euroko diru-laguntza lortzea da helburua.
Bruselan bi eguneko eztabaida izan ostean, euroguneko Ekonomia ministroek ultimatuma eman diote Greziari: Gobernuak, Parlamentuak eta gizarteak uztailaren 3ra arte dute neurri berriak onartzeko. 2010eko maiatzean Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak 110.000 milioi euroko erreskate bat bideratzea adostu zuten. Erreskatea jasotzeko baldintza hori ezarri diote Greziari.
20.000 manifestari baino gehiago Parlamentuaren aurrean
Milaka manifestari bildu dira gauean Greziako Parlamentuaren kanpoaldean, Atenasen. Greziako ''suminduek'' hasi dute protesta arratsaldean, izan ere, egunero protesta baketsuak egiten dituzte Sitagma plazan. ''Suminduek'' "mesfidantzazko boto bat aurkeztea" erabaki dute, Interneten azaldu bezala.
Funtzionario publikoen sindikatuak deituta milaka langilek bat egin dute ''suminduekin''. Estatuko konpainien pribatizazioaren eta langile publikoen kopurua % 25 bat murriztearen aurka manifestaldi bat antolatu zuen sindikatu horrek.