Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
634 administrari lanpostutarako lan eskaintza publikoa onartu du EHUk
Bere historian, EHUk inoiz egin duen lan deialdirik handiena izango da. 164 irakasle eta ikertzaile postu esleitzeko deialdia ere egingo dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Unibertsitateak 634 lanpostuko lan eskaintza publikoa egitea onartu zuen, atzo erakunde horretako Gobernu Kontseiluak egindako bileran. Administrazio eta zerbitzuen alorrean lan egiteko plazak dira: 542 egonkortze tasari dagozkionak, 49 berriztatze tasari eta 44 barne promozioari.
Horrez gain, 164 irakasle eta ikertzaile postu esleitzeko deialdia egitea ere onartu zen atzoko batzarrean, eta barne promozio bidez, 18 irakasle katedradunentzako plazak ere eskainiko dira.
Bi lan eskaintza horiek egiteko errektoretza-taldeak Gobernu Kontseiluan aurkeztutako proposamenak babes zabala jaso zuen; 29 kidek aldeko botoa eman zuten, hiru abstenitu egin ziren eta batek aurka bozkatu zuen.
Agiri baten bidez Nekane Balluerka EHUko errektoreak nabarmendu duenez, unibertsitateko plantillari "egonkortasun handiagoa" ematea da deialdien helburua, eta, aldi berean, unibertsitateko langileen "antolaketa egokia" erraztea.