Ekonomia -
Lan-gatazka
Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen lehenengo greba eguna
Sektorean 1.500 bat langile daude, 10.000 adineko edo mendekotasunen bat duten pertsona artatzeko. 2012tik lan-hitzarmenik gabe daude.
agentziak | erredakzioa
ELA, LAB eta UGT sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuan, eta gaur izango da lehenengo protesta eguna sektoreko lan-hitzarmenaren negozioazioan patronalek duten blokeo jarrera errefusatzeko. Abenduaren 26an eta 27an izango dira hurrengo bi greba egunak.
Langileek elkarretaratzea egin dute 10:30etan Bilboko Unamuno plazan, eta, ondoren, hainbat kale zeharkatu eta Udaletxera iritsi dira; bertan, ikatza utzi dute, udaletxeen "geldotasuna" salatzeko.
Erabat feminizatua dagoen zerbitzu horretako lan-gatazkak bi urte dirau, eta hamaika greba edo lanuzte egin dituzte lan-hitzarmena eskatzeko.
Sektorean 1.500 bat langile daude, 10.000 adineko edo mendekotasunen bat duten pertsona artatzeko. 2012tik lan-hitzarmenik gabe daude, geroz eta lan-baldintza okerragoetan, geroz eta ordu gutxiagorekin eta zerbitzuaren kalitate galerarekin, sindikatuek kritikatu dutenez.
"Mendekotasunari buruzko balorazioak benetan beharrezkoa litzatekeena baino askoz ere balio txikiagoarekin egiten dira, eta horrek langileentzat erabiltzaileen beharrei erantzuteko lan denbora gutxiago suposatzen du", salatu du ELAk, "eskatzen zaien lan malgutasuna ikaragarria da, eta horrek ezinezkoa egiten die bizitza pertsonala eta lana uztartzea".
ELAk, LABek eta UGTk azaldu dutenez, patronalak "negoziazio mahaitik altxatu ziren 15 minutuz batzartu ostean, arlo ekonomikoan edo lan-hitzarmeneko oinarrietan proposamenik egin gabe", eta jokabide "lotsagarri" horri erantzuten dio greba deialdiak.
Bizkaiko udalen jarrera ere kritikatu dute sindikatuek. Izan ere, horiek dira zerbitzua ematearen arduradun zuzenak, eta ez omen dira inplikatu "inola ere negoziazioan".
Era berean, Jaurlaritzaz esan dute ez dela gai izan gatazka bideratzeko, eta horrek patronalei egin die "mesede negoziazioak aurrera egin ez dezan".