Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Bizkaiko bederatzi udalerritako zabor biltzaileek greba abiatu dute

Etxebarri, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Zeberio, Orozko, Urduña eta Arakaldoko bilketa zerbitzuari eragingo dio grebak gaur. Lan-hitzarmen duina eskatzen dute.

Zabor bilketak langileen mobilizazioa. Argazkia: ELA sindikatua
Zabor bilketako langileen mobilizazioa.
Zabor bilketak langileen mobilizazioa. Argazkia: ELA sindikatua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebarri, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Zeberio, Orozko, Urduña eta Arakaldo udalerrietan hondakinak biltzeaz arduratzen diren Ibaizabal-Nerbioi mankomunitateko langileek grebara jo dute bere eskubideak bermatuko dituen lan-hitzarmen duin baten alde.

ELAk jakinarazi duenez, 2018ko azarotik langileek hainbat bilera egin dituzte Enviser Ingurumen Zerbitzuak zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin, "baina ez dute proposamenik egin".

Langileek abenduaren 9an eta 10ean eman zieten hasiera mobilizazioei. Ostegun eta ostiral honetan grebara jo dute, eta urtarrilaren 2 eta 3an ere lanuzteak deitu dituzte.

ELA sindikatuak salatu duenez, "langile-kidego horretako talde handi bat lan-baldintza prekarioetan dago; hilean 950 euro jasotzen dituzte, larunbat eta igandeetan lan egin behar dute, eta hondakin toxiko, nekagarri eta arriskutsuak manipulatzen dituzte". 2018ko azarotik daramate bilerak egiten enpresarekin, eta proposamenik jaso gabe jarraitzen dutela azpimarratu du sindikatuak.

Udalek langile horiek jasaten duten prekarietatea ahalbidetzen dutela salatu du ELAk. Hori dela eta, negoziazioa desblokeatzeko eta "langileen lan-baldintzak duintzeko" proposamen bat egin dezatela eskatu die sindikatuak aipatu herrietako udalei eta Enviser enpresari.      

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arratia-Nerbioi eskualdea gaur