Ekonomia -
zergak
11.000 bizkaitarrek baino gehiagok 1.500 milioi euro dituzte atzerrian
Informazioa 50 herrialdetatik etorri arren, Suitzan bakarrik, zergadun bizkaitarrek duten diru kopurua 600 milioi eurokoa da.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Ogasunak "ahalegin berezia" egingo du 2020an atzerrian finantza kontuak dituzten zergadunen egoera fiskala egiaztatzeko; izan ere, 11.000 bizkaitarrek baino gehiagok 1.500 milioi euro dituzte 50 herrialde baino gehiagotan gordailututako kontuetan banatuta.
Bizkaiko Ogasunak zerga-administrazioen arteko zerga-informazioa trukatzeko DAC-2 zuzentarau europarraren lehen datuak (2017koak) ezagutu zituen joan den udan. Horren arabera, lurralde horretako 11.000 zergadunek baino gehiagok atzerrian dituzte finantza-kontuak, eta 1.500 milioi euroko saldoa dute guztira, Bizkaiko Ogasuneko arduradunek ostiral honetan jakitera eman dutenez.
Informazioa 50 herrialdetatik datorren arren, Suitzan bakarrik, zergadun bizkaitarrek 600 milioi euro dituzte.
Nazioarteko beste zerga-akordio batzuei esker, Bizkaiko Foru Ogasunak jakin du 400 zergadun direla finantza kontuen titularrak AEBn, baita lurralde horretako 5.500 pertsonak baino gehiagok erretiro-pentsioak kobratzen dituztela beste estatu batzuetan, eta bizkaitarrek 250 higiezin dituztela atzerriko herrialdeetan.
Datu horiek guztiak eman dituzte gaur Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasuneko foru diputatuak eta Iñaki Alonso Saileko zuzendari nagusiak, 2020rako Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko Plana gidatuko duten irizpideen berri emateko prentsaurrekoan.
Iruarrizagak zehaztu du beste herrialde batzuetan kontuak izateak ez duela esan nahi berez "iruzurra" dagoenik. Kontuen aitorpena eginda badago, "ez dago arazorik", argitu du.
Kontu horietan ez ezik, 2020an Bizkaian Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko Planak "sakondu" egingo du nazioartekotutako enpresa-taldeen gaineko kontrolean, "nazioarteko hitzarmenen abusuaren bidez edo eragiketen balorazio eta lokalizazioaren bidez egindako zerga-ihesaren jardunbideak bereziki jazartzeko, lurralde horretan zerga-ordainketa murrizte aldera".