Ekonomia -
Lanuzteak
Greba deitu dute Petronorren urtarrilaren 24tik 27ra, aparteko orduak murrizteko
Enpresa batzordeak salatu duenez, zuzendaritza ez da uztailean adostutakoa betetzen ari, aparteko orduak murriztea eta lan-egutegia errespetatzea onartu arren.
Agentziak | Erredakzioa
Petronor lantegiko enpresa batzordeak greba deitu du urtarrilaren 24tik 27ra. Horren arabera, zuzendaritza ez da uztailean adostutakoa betetzen ari, aparteko orduak murriztea eta lan egutegia errespetatzea onartu arren.
Enpresa batzordeak ohar batean azaldu duenez, lanuzteak hilaren 24ko 13:00etan abiatu eta hilaren 27ko 06:00etan bukatuko dira. Horrez gain, egunero lantegiaren atarian kontzentrazioa egingo dute langileek.
Batzordearen esanetan, uztailean akordioa lortu zuten zuzendaritzarekin aparteko orduak murrizteko eta lan-egutegiak eta beharginen kontziliazio eskubidea errespetatzeko.
Uztailetik hona, ordea, zuzendaritzak ez du akordioa bete, eta lanorduak ez dira murriztu.
"Ez betetze horrek ezinegona sortu du langileen artean", gaineratu dutenez, eta, hori dela eta, azaroaren 28an bilera egin eta greba deitzea erabaki zuten langileek.
Batzordeak emandako datuen arabera, 2019an 67.865 aparteko ordu egin dituzte langileek (kopuru horretan ez dira sartzen hitzarmenetik kanpo daudenek egindakoak).
"Zuzendaritzak ez ditu eskura dituen baliabideak erabili aparteko orduak murrizteko eta langileen deskantsua eta kontziliazioa sustatzeko. Horrez gain, bete gabe dauden lanpostuak eta 10 egun baino gehiagoko bajak ez dira betetzen", kritikatu du.