Ekonomia -
Amiantoa
Izar enpresak eta bi azpikontratak 110.000 euro ordaindu beharko dituzte
Onuraduna denbora luzez amiantoaren eraginpean egondako 70 urteko gizon baten familia izango da, enpresek beharrezkoak diren prebentzio neurriak betetzen ez zituztelako.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko epaitegi batek ebatzita, Izar Construcciones Navales enpresak eta bi azpikontratak 110.000 euro ordaindu beharko dizkiote hil zen langile baten familiari. Gizona "pleurako minbiziak jota hil zen, denbora luzez bere lanpostuan amiantoaren eraginpean egoteagatik".
Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak jakinarazi duenez, epaitegiak neurri batean onartu du 2018ko maiatzean pleurako mesotelioma baten ondorioz, hildako gizonaren alargunaren eta seme-alaben demanda. Izan ere, Astilleros Españoles enpresak eta azpikontratek amiantoaren prebentzioari buruzko legedia urratu zuten 1982. urtea baino lehen eta ondoren.
Gizona hil baino urtebete lehenago pleurako mesotelioma epitelioide bat diagnostikatu zioten. 1972 eta 1973. urteetan, Instalaciones y Montajes Industriales enpresan ibili zen lanean, eta 1974-1993 aldian, Hermanos Moreno Luque SA enpresan; garai hartan, Astilleros Españoles enpresaren azpikontratak ziren biak, eta Izar Construcciones Navales enpresaren baitan daude gaur egun.
Epaiaren arabera, langileei ez zitzaien amiantoaren arriskuen berri ematen, ez zuten maskararik erabiltzen (pistolaz margotzen zutenean izan ezik) eta langileei ez zitzaien azterketa mediko espezifikorik egiten.
Enpresariak, hala ere, behartuta zeuden bermatzera langileen osotasun fisikoa eta segurtasun zein higiene politika egokiak. Araudia ontziola guztietan bete behar zen, baina Instalaciones y Montajes Industriales, Hermanos Moreno Luque SA eta Astilleros Españoles enpresek ez zuten betetzen.
Egungo Izar Construcciones Navales enpresak 77.988,56 euro ordainduko dizkio alargunari, eta 16.080,10 euro seme-alaba bakoitzari.