Ekonomia -

Zorraren merkatua

Espainiako arrisku primak % 6,03raino gora egin du

Inoizko maila altuenera iritsi da, 336 puntura. Akordiorik gabe bukatu da buruzagi europarrek zorraren krisiari buruz egin duten bilera. Europako burtsek behera egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako arrisku prima inoizko maila altuenera iritsi da, 300 puntura, zorraren merkatuaren irekieran, Italiaren inguruan zabaldu den kezkak eraginda batez ere.

Italiak bizi dituen arazo politikoek eta ekonomikoek eragina izan dute eurogunean. Espainiako arrisku-saria 284,5 punturaino heldu zen ostiralean, eta gaur, Italiarekiko zalantzak direla eta, Espainiako arrisku primak goia jo du.

Gauzak horrela, gaur Espainiak % 6,03 ordaindu behar die inbertsoreei 10 urterako bonoengatik. Alemaniak, berriz, % 2,6 baino ez.

Era berean, inbertitzaileek Italiako merkatua eta estatu horretako zorra ito dituzte gaur, eta burtsak behera egin du nabarmen. Milango burtsak % 3,96 egin du behera, 2010eko ekainetik izan duen beherakadarik handiena.

Burtsek behera egin dute

Italiako finantza sektorearen eta Greziako erreskatearen inguruko zalantzek Espainiako burtsan eragina izan dute eta % 2,69 behera egin du, 9.670,60ko puntuko mailaraino, urtarriletik izandako mailarik baxuena.

Espainiako burtsak jardunaldi negargarria izan du; balore guztiak "zenbaki gorritan" bukatu dira, eta egunean zehar % 3,5eko beherakadak jasan izan dituzte, baina azkenean zerbait berreskuratu egin da burtsa.

Espainiak burtsak bezala, Europako gainerako burtsek beherakadak jasan dituzte: Milangoak % 3,96 behera egin du; Parisekoak % 2,73; Londresekoak % 1,10; eta, Frankfurtekoak % 2,37.

Hala ere, zorraren krisiaren inguruko zalantzek, batez ere, Portugaleko burtsan eta Portugaleko zorraren interesetan izan dute eragina.

Portugaleko burtsak urteko jardunaldirik txarrena izan du; % 4,28 behera egin du 7.000 puntuko mailaraino.

Bilera Europan

Herman Van Rompuyk deitutako EBko zuzendarien bilerak emaitzarik gabe bukatu da. Euroguneko zorraren krisiari buruz eztabaidatzeko bildu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea