Ekonomia -
finantza-emaitzak
Euskaltel Taldeak 25 milioi euro banatuko ditu gaur bere akziodunen artean
Konpainiak finantza-emaitza "oso positiboak" lortu zituen 2019ko hirugarren hiruhilekoan. Zehazki, 0,14 euro emango ditu akzio bakoitzeko.
eitb.eus
Euskaltel Taldeak 25 milioi euro banatuko ditu gaur, asteazkena, akziodunen artean, konturako dibidendu gisa. Zehazki, 0,14 euro emango ditu akzio bakoitzeko.
Taldeak laugarren urtez jarraian banatu du dibidendua, 2015eko uztailean konpainia burtsara atera zenetik, eta konpainiak akziodunei ordaintzeko duen "politika jasangarriari eusteko konpromisoa" islatzen du dibidendu banaketa horrek.
Konpainiak finantza-emaitza "oso positiboak" lortu zituen 2019ko hirugarren hiruhilekoan. EBITDA eta kutxa-sorkuntza % 2,8 eta % 8,1 hazi ziren aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta, ondorioz, diru-sarreretan eta EBITDA diru-sarreretan "urteko hazkunde positiboa" izan zen laugarren hiruhilekoan. Taldeak otsailaren 25ean jakinaraziko ditu iazko emaitzak.
Finantza merkatuek konpainiaren bilakaera positiboa aitortu dute, eta Euskaltelen akzioaren prezioa %3 baino gehiago igo zen 2019an, Espainiako merkatuko erreferentziazko indizearen bilakaera baino ia hiru aldiz gehiago.
Ondorioz, abenduan, Euskaltel Ibex Medium Cap indizean onartu zuten, Ibex 35etik kanpo Espainiako balore merkatuan dauden 20 enpresa adierazgarrienak biltzen dituen finantza indizean.