Ekonomia -

Nafarroa

Amiantoagatik hildako baten senideentzako 178.420 euroko kalte-ordaina berretsi dute

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du kalte-ordaina. Iruñeko langile ohi baten alabek jasoko dute; arnastutako amiantoak eragindako birika-minbiziak jota hil zen emakume hori.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Iruñeko epaitegi batek bertako langile ohi baten senideentzako 178.420,96 euroko kalte-ordaina berretsi du; izan ere, emakume hori, Super Ser (gero BSH) enpresako langile ohia bera, arnastutako amiantoak eragindako birika-minbiziak jota  hil zen. Kalte-ordaina emakumearen alabek jasoko dute.

Aretoak errepikatutzat jo ditu Iruñeko epaitegiko epailearen iritziz frogatutzat dauden gertaerak. Langile ohia 1948an jaio zen, eta Iruñeko Super Ser enpresan lan egin zuen (gerora, BSH enpresak bereganatu zuen hori). 1964ko urriaren 9an hasi zen lanean bertan, eta 1983ko abenduaren 15ean utzi zuen enpresa.

Epaiak dioenez, 10 urtez lan egin zuen amiantoaren arriskupean. 2017ko urriaren 19an hil zen, birikako kartzinoma baten ondorioz.

Langilea muntaia-katean zebilen, eta haren betebeharra zen amiantoa metalezko panelen gainean kokatzea. "Giroan, hautsa eta amiantoa zeuden, baina enpresak ez zien langileei maskararik eman, eta ez zuen segurtasun-neurririk hartu. Gainera, langileek lantokian erretzeko baimena zuten, aireztapenik ez bazegoen ere", epaiaren arabera.

Enpresak ez zuen neurtzen giroko amianto-kopurua; horrez gain, ez zuen erabiltzen mugatutako erauzketaren sistemarik amianto-zuntzak askatu ahal zituzten manipulazio-prozeduretan.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, halaber, adierazten du langileei ez zitzaiela jakinarazi amiantoaren mendean lan egiteak arriskua zekarrela; halaber, maskararik edo beste arnasketa-babeseko motarik ez zuen jarri langileentzako eskuragarri. Azterketa mediku espezifikorik ere ez zen egin.

Epaileen arabera, enpresak ez du Iruñeko epaitegiaren ondorioa indargabetu, lanpostuan amiantoa desagertu zen datari erreparatuta.

Laneko segurtasun- eta garbitasun-araudia, urratuta

Emakumeak, hortaz, hainbat urte eman zituen lanean amiantoaren arriskupean; Aretoak ziurtatzen du enpresak ez zuela bete laneko segurtasun- eta garbitasun-araudia.

Demandan, hildako langilearen alabek, hasieran, 207.687,36 euro eskatu zituzten; gerora, % 52,11ko murrizketa onartu zuten, euren amak erretzen zuelako. Beraz, kalte-ordaina 98.420,96 eurokoa zen; beste 80.000 euroak heriotzagatik gehitu zituzten.

Epaia ez da irmoa; Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu ahal zaio. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko hiru epaileetako batek aurkako boto partikularra eman du; epaile hori demanda gaitzestearen aldekoa da, eta, hortaz, zigorra baliogabetzeaz. Epaile hori hiru arlotan ez dago epaiarekin ados; haren iritziz, BSH enpresarentzako erru egozgarririk ez dago, alegatutako minaren eta egotzitako erruaren arteko kausalitaterik ez da, eta ez da frogatu auzi-jartzailea amiantoak jota zegoenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroako albisteak Lana albisteak Minbizia bideoak Epaiketak argazkiak Gaixotasunak argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria gaur Nafarroako JANren epaiak