Ekonomia -
Krisia eurogunean
Erantzun lasaia burtsetan, Moody'sek Irlandaren maila jaitsi eta gero
Ibex 35ek % 0,41eko galerak izan ditu saio hasieran, baina Londres eta Erroma zenbaki berdetan daude, eta mozkin txikiak dituzte.
Erredakzioa
Ibex 35ek % 0,41eko galerak izan ditu gaurko saioaren hasieran, eta 9.564,5 oinarrizko puntuetan kokatu da negoziazioaren lehen minutuetan, bart Moody''s agentziak Irlandaren zorra zabor-bonu mailara jaitsi eta gero.
Jaitsiera handienak honakoek izan dituzte: Sacyr Vallehermoso (-% 3,02), OHL (-% 1) eta IAG (-% 0,95). Hazkunde handienak, aldiz, Gamesa (+% 1,1), Abengoa (+% 0,84) eta Amadeus (+% 0,61).
Bankuen sektorean jaitsierak izan dira nagusi oro har: CaixaBank (-% 0,91), Sabadell (-% 0,81), Bankinter (-% 0,43), Popular (-% 0,28) eta Santander (-% 0,25).
Europako gainerako burtsetan, Londres eta Erroma zenbaki berdetan daude (+ %0,09ko eta + % 1,58ko irabaziak, hurrenez hurren), eta gainerakoek jaitsiera txikiak dituzte: Parisek -% 0,60koa eta Frankfurtek -% 0,78koa.
Dibisa merkatuan, euroa 1,4013 dolarretan salerosi dute.
Bere aldetik, Espainiako arrisku-saria 320 oinarrizko puntuetan dago, % 5,857ko interesarekin.
Eurogunearen bilera, ostiralean
Testuinguru horretan, euroguneko herrialdeek gaur deituko dute larrialdiko bilera, ostiralerako seguru aski, merkatuen presioari aurre egiteko.
Hain zuzen ere, bilera ostiral arratsaldeko azken orduan izango da, merkatuak itxi eta Europako 91 finantza erakunderen bideragarritasun proben emaitzak ezagutu eta gero.
Bileraren deialdia gaur goizean egingo dute publiko, "ia seguru", EFEk jakinarazi duenez.