Ekonomia -

Euroaren krisia

Europak ez du Greziaren gaineko adostasunik lortzen

Bilera berezia egiteko ere ez dago akordiorik, eta Merkelek esan du konponbideren bat bistan izan ezean ez dutela goi-bilerarik egingo.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak, Greziaren bigarren erreskatea adosteko bakarrik ez, batzar bat egiteko eguna jartzeko ere ez du gaitasunik.

Oraingoz, ostiral honetan ez da egingo Herman Van Romopuyk egin nahi zuen goi bilera. Atzeratu egin dela diote iturri ofizialek, eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren hitzetan, ez da batzarrik behar erabakirik hartuko ez bada.

Hori horrela, azken egunotan ez da ezer ez aldatu, baina lanak aurrera jarraitzen du; izan ere, une egokian egingo dute bilera: "Lan handia egiten ari gara eta horretan gabiltza buru belarri", esan du Europako Batzordeko bozeramaile batek.

Blokeo instituzional horrek ez dio mesede handirik egiten Euroguneak bizi duen egoera zailari. Gutxiago, Europako 90 banketxeri egin zaizkien erresistentzia frogak argitaratuko diren egunaren bezperan. Bihar ezagutuko da Europako finantza sistemaren kalitatea.

Espainian ere, gero eta pertsona gehiago dira 3 edo 4 aurrezki-kutxek ez dutela froga gaindituko ziurtatzen dutenak. Zeintzuk diren ere badiote batzuek: Catalunya Caixa, UNNIM, CAM eta CAJA DUERO aurrezki-kutxek ez omen dute lehengo froga gainditu, hau da, % 5eko kapitala izatea.

Bihar jakingo da hori, edozelan ere, bateko eta besteko filtrazioen arabera, ziurtzat jo da Espainiakoak eta Alemaniakoak direla egoera okerrenean dauden finantza erakundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea