Ekonomia -
LAN GATAZKA
EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileek 5 asteko greba abiatu dute
Eusko Jaurlaritzaren garbiketa-langileek dituzten baldintzak izatea eskatzen dute langileek.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, CC. OO., LAB eta ESK sindikatuek bost asteko greba deitu dute, martxoaren 2tik aurrera, EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboan. Grebaren helburua Eusko Jaurlaritzaren garbiketa-langileekin soldata-parekatzea eskatzea da, baita hitzarmenaren negoziazioari "edukiekin" berrekitea eskatzea ere.
Sindikatuek adierazi dutenez, negoziatzen bost urte eman ostean, enpresek mahaira joateari utzi diote, eta Jaurlaritza "beste alde batera" ari da begiratzen. Hortaz, "lan bera, soldata bera" goiburupean, langileek Jaurlaritzak kontratatutako garbitzaileekin parekatzea eskatuko dute. "Egun, aldea % 13tik gorakoa da" azaldu dutenez.
Halaber, sindikatuek salatu dute diskriminazioa ez dela hor amaitzen: "Langileen % 40k lanaldi partzialak dituzte, eta, ondorioz, soldata partzialak". Sindikatuen esanetan, enpresek ez dute lanaldiak luzatzeko neurririk hartu nahi, bete gabe dauden postuak betetzeko sistema bat erabil dezakete horretarako, adibidez, "baina errefusatu egiten dute, eta prekariotasuna, hortaz, mugagabea da".
"Lan-zamak jasanezinak" direla ere salatu dute. Sindikatuek azaldu dutenez, Hezkuntza Sailaren garbitzaileek gehienez 1.420 metro garbitzen dituzte egunean, "baina azpikontratatutako langileek 2.500 metro garbitzen dituzte egunero, baita 2.800 metro kasu batzuetan ere ", eta ondorioz, langile askok "karpo-tunela, sorbaldan tendinitisa eta antsietatea pairatzen dituzte".
"Zerbitzuak prezio baxuenean kontratatzen ari dira"
Sindikatuek, horrez gain, salatu dute Hezkuntza Saila eta EHU "prezio baxuenean" ari direla zerbitzuak kontratatzen: "Gero, enpresek diote zailtasunak dituztela langileek eskatutako hobekuntzak egiteko, eta horrela igaro dira bost urte".
"Grebara jotzea beste aukerarik ez zaie geratu langileei, egoera jasanezina baita" azaldu dute sindikatuek: "Gelditzea erabaki dute, norbaitek ikus ditzan, eta beraiek ere hezkuntza-komunitateko kideak direla erakusteko".
Grebari esker "enpresek negoziazioa seriotasunez berrartzea" espero dute, baita "Hezkuntza Sailak eta EHUk azken bost urte hauetan eman ez dien arreta ematea ere".
"Negoziaketa edukiz hornitu nahi dute langileek, aspalditik merezi duten lan-hitzarmena sinatze aldera" aldarrikatu dute sindikatu deitzaileek.