Ekonomia -
Langileen eskubideak
Bajak pilatzeagatik langilea kaleratzea ahalbidetzen zuen araua, baliogabetuta
PSOE eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuak bertan behera utzi du gaixoaldi-bajak pilatzeagatik langile bat kaleratzea ahalbidetzen zuen legea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langileen Estatuko 52.d artikuluak epealdi zehatz batean mediku bajak pilatzeagatik langile bat kaleratzea ahalbidetzen zuen. Gaur, Espainiako Gobernuak arau hori indargabetzeko errege lege-dekretua onartu du.
Ministroen bilera amaituta, Yolanda Diaz Enplegu eta Gizarte Ekonomia ministroak agerraldia egin du, eta neurri honekin "langile ahulenak justifikatutako gaixoaldi-baja batengatik kaleratzea saihestuko dugu".
"Ekimen honen bidez PP egindako lan-erreforma desmuntatzen hasi gara", azpimarratu du. Ildo horretan, gogora ekarri du salbuespen hori Espainiako Estatuan soilik egiten zela.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2018ko urtarrilaren 18an kaleratutako ebazpen baten bidez, arau horrek EBko zuzentaraua urratzen zuela ohartarazi zion Espainiari.
"Langileek beren eskubideak berreskuratzea lortuko dugu horrela; lasai egon daitezke, inork ez ditu kaleratuko justifikatutako gaixoaldi-baja bat hartzeagatik", erantsi du Diazek.