Ekonomia -

2021-2027 urterako aurrekontua

Europako Batasuneko aurrekontua negoziatzeko goi-bilerak bigarren eguna du Bruselan

Europako Kontseiluko presidenteak egindako proposamena hartu dute negoziaziorako oinarri. Zehazki, 1,09 bilioi euroko inbertsioa proposatzen du datozen zazpi urteetarako.

Europar Batasunaren aurrekontua eztabaidatzeko goi-bilera Bruselan. Argazkia: EFE
Europar Batasunaren aurrekontua eztabaidatzeko goi-bilera Bruselan.
Europar Batasunaren aurrekontua eztabaidatzeko goi-bilera Bruselan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko (EB) estatuburu eta gobernuburuak datozen zazpi urteetarako aurrekontua negoziatzen ari dira Bruselan. Lehen topaketan argi geratu da herrialdeen arteko desadostasuna, brexit-aren ondorioz inoiz baino diru gutxiago baitago eskura. Agintari batzuk inbertsioak murriztearen aldekoak diren bitartean, beste batzuek gastua handitzea eskatzen dute.

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ordezkariek aldebiko elkarrizketak izan dituzte Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin. Topaketak 07:00ak baino lehentxeago (6.00 GMT) amaitu dira Bruselan, baina 11:00etan (10.00 GMT) negoziazioei berrekin diete, jarrerak hurbiltzeko asmoz, hasieran EBko aurrekontuen inguruko goi-bilera ordubete lehenago hastea aurreikusita zegoen arren.

Zehazki, Erresuma Batuak EB utzi osteko lehen aurrekontuak negoziatu behar dituzte Bruselan datozen zazpi urteetarako, baina brexit-ak diru gutxiago utzi du eskura, eta horrek desadostasunak sortu ditu funtsak murriztu eta handitzea eskatzen duten herrialdeen artean.

Goi-bilera horren lehen egunean etenik gabe egindako aldebiko elkarrizketetan, estatu kide bakoitzak bere lehentasunen berri eman zion Europako Kontseiluko presidenteari. Halaber, finantzazioari buruzko lerro gorriak ezarri zituzten. Dena dela, herrialde batzuen eta besteen arteko desadostasunak oso agerikoak dira, eta, ondorioz, baliteke hitzordu hori akordiorik gabe amaitzea.

Izan ere, zazpi urteetarako aurrekontua ezartzeko negoziazioa EBn zatiketa gehien eragin ohi duen hitzorduetako bat da. Oraingoan, gainera, Erresuma Batuaren irteera izan behar da kontuan, izan ere, jasotzen zuen kopurua baino gehiago ordaintzen zuen. Zehazki, 75.000 milioi eurorainoko zuloa utziko du datozen zazpi urteetan.

Europako Kontseiluko presidenteak egindako proposamena hartu dute negoziaziorako oinarri. Michelek 1,09 bilioi euroko inbertsioa proposatzen du, hau da, 27 herrialdeen nazio-errenta gordinaren % 1,074, EBko herrialde baten aurrekontua batez beste aberastasunaren % 46ren baliokidea denean.

Funtsak murriztu nahi duten herrialdeek % 1era jaitsi nahi dute kopuru hori, baina beste herrialde batzuek % 1,11era igotzea eskatzen dute, Europako Batzordeak proposatu zuen moduan. Bi muturren arteko aldea 112.000 milioi euro ingurukoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Belgika Erresuma Batua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Londres Irlanda Ingalaterra Boris Johnson