Ekonomia -

Donostia

Erakundeek Donostian tasa turistikoa ezartzeko mahaia sortu dute

Gipuzkoako Aldundiak eta hiriko Udalak osatuta dago. Tasa hori bideragarri egin beharko lukeen txosten juridiko bat egitea izango du lehen lana.

Donostiako ikuspegi bat, Jose Maria Vegak hartutako argazki batean.
Donostiako ikuspegi bat, Jose Maria Vegak hartutako argazki batean.
Donostiako ikuspegi bat, Jose Maria Vegak hartutako argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Donostian tasa turistikoa ezartzeko mahaia sortu dute astelehen honetan. Mahai horrek aipatutako tasa hori bideragarri egin beharko lukeen txosten juridiko bat egitea izango du lehen lana.

Bi erakunde horietako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu dute lehen bileran; hain zuzen ere, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Imanol Lasak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Jabier Larrañagak, Donostiako alkate Eneko Goiak, zinegotzi delegatu Marisol Garmendiak eta Donostiako Udaleko arduradun tekniko batzuek.

Alde batetik, indarrean dagoen legediaren eta arlo honekin lotura duten foru arauen azterketa "zorrotza" egingo du mahaiak, eta bi erakundeen eskuetan dauden txosten teknikoak partekatuko ditu. Jarrerak gerturatzen joatea da helburua, tasaren ezarpenaren abantailak eta gabeziak aztertu, eta horren ezarpena ahalbidetuko lukeen marko berri baten oinarriak jarriko lituzkeen txosten bateratu bat osatzea.

Bestetik, mahaiak turismoari lotutako fiskalitatearen nazioarte-mailako praktika onak identifikatzen hastea adostu dute, ikasketak eta ondorioak ateratzeko helburuarekin, mota honetako zerga bat gauzatu ahal izateko Gipuzkoan.

Imanol Lasak gogorarazi du "gehiengo sozial eta politikoa" dagoela Gipuzkoan gisa horretako zerga bat martxan jartzeko, eta lurraldeko Batzar Nagusien aho bateko babesa duela. Gaineratu du mahaiaren egitekoa izango dela "ematen diren pauso guztiak, segurtasunetik eta zorroztasun teknikotik eta juridikotik ematea". Bere hitzetan, urrats horiek "turismoaren sektoreko eragileekin, beste udalekin eta alkateekin modu adostuan egingo dira, eta guztiei erraztuko diegu mahaiaren lanen jarraipena egin ahal izatea".

Lasak berretsi du beharrezkoa dela diru-sarrera berri bat jarduera turistikoak lurraldean eragiten dituen ondorioei aurre egiteko eta baliabideak edukitzeko, “turismo-sektorea hobetzen eta finkatzen jarraitzeko, bikaintasunaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik"; "izan ere, indarrean egon arren, sektorea ez dago oraindik heldua", gaineratu du.

Eneko Goiak, bere aldetik, adierazi du mahaia martxan jarri izana "aurreneko pauso bat" dela, "hirian tasa turistikoa behar bezala ezartzeko bidean". Bere iritziz, tasaren ezarpena "Donostiak luzaroan bilatutako helburua da, fenomeno turistikoa jarduera jasangarri bihurtzeko egiten ari den apustuaren barruan".

"Aberastasun sortzaile da turismoa, baina, aldi berean, ahalegin bat eskatzen digu presio handien jasaten dugun hirioi, hala nola Donostiari. Uste dugu tasa turistiko batek sortuko lituzkeen diru-sarrerek Donostia turismo-helmuga erakargarri bat izatearen ondorioz pairatzen dugun zama arintzeko balioko luketela", adierazi du.

Goiaren iritziz, posible izango da zerga berri bat diseinatu ahal izatea, "behar besteko segurtasun juridikoarekin eta eraginkortasunarekin", eta aurrekontu publikoetan eragin positiboa izango du, "Donostiak eta Gipuzkoak bisitariak erakartzeko duten gaitasunari kalterik egin gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gaurko albisteak Gipuzkoa Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak