Gizartea -

Turismo Mahaia

Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du EAE osoan tasa turistikoa ezartzea

Erabaki horrek ez du esan nahi Aldundiek, hala nahi badute, tasa hori ezartzerik ez dutenik. Hala, 2021ean bat eta bost euro arteko tasa turistikoa ezartzea planteatu du Donostiak.

Tasa ezartzearen aldekoa da Gipuzkoa. Donostiako argazkia: Luis Dadebat
Donostiako Kontxa hondartzako panoramika.
Tasa ezartzearen aldekoa da Gipuzkoa. Donostiako argazkia: Luis Dadebat

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turismo sektoreko agenteekin bildu ostean, Eusko Jaurlaritzak erabat baztertu du Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan tasa turistikoa ezartzea.

Erabakia atzo jakinarazi zuen Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Turismo Mahaian bildutakoei. Batzarrean, sailburuaz gain, honakoak izan ziren: Harkaitz Millan Basquetourreko zuzendaria; aldundietako, euskal hiriburuetako udaletako eta Eudeleko ordezkariak eta turismoarekin lotutako beste agente batzuk (hala nola, merkataritza-ganberak, unibertsitatea, turismo-eskolak, ostatu-enpresak, ekitaldiak antolatzeko enpresak, bidaia  eta gidari agentziak, ostalaritza-elkarteak eta kontsumitzaileak).

Dena dela, erabaki horrek ez du esan nahi Foru Aldundiek, hala nahi badute, tasa hori ezartzerik ez dutenik. Gipuzkoa, adibidez, horren aldekoa da.

Eusko Legebiltzarrak duela bi urte tasa turistikoaren inguruko gogoeta egiteko eskatu zion Jaurlaritzari. Atzo jakinarazitakoarekin agindu parlamentarioa betetzat eman du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak ikuspegi global bat du turismo-jasangarritasunaren inguruan, eta turismoa urtaro guztietara zabaltzearen eta turistak lurralde osoan banatzearen alde dago. Hori lortzeko, hiriburuetatik kanpoko baliabideen balioa nabarmendu du (industria-turismoa, familia-turismoa, Basque Route, erromesaldi-ibilbideak, ekoturismoa eta natura-turismoa).

Tasa turistikoa Donostian

Ernesto Gasco Donostiako Udaleko Turismo zinegotziak jakinarazi duenez, hiriak "bere bideari ekingo dio" tasa turistiko bat ezartzeko, eta "2021eko urtarriletik" aplikatzea espero du, ordenantza baten bidez.

Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin "akordiorako borondatea" dagoela adierazi du, eta gai horretan "sintonia ona" mantentzen duela, nahiz eta Donostiak ez duen "inoren tutoretza behar".

Donostiako Udalean emandako prentsaurrekoan, Gascok berretsi egin du Udalak "kalitatezko turismo jasangarriaren" alde egiten duela, eta azaldu du hirian turismo-tasa bat ezartzea "Donostiako gizartearen eskaria" dela, eta, gainera, "jasangarritasun-arrazoiak" kontuan hartzen dituela, eta udal-kutxentzat urtean "lau milioi euro inguruko" diru-sarrerak izan ditzakeela.

Zinegotziak adierazi duenez, behin Eusko Jaurlaritzak tasa turistiko baten ezarpena arautzeko asmorik ez duela iragarri ondoren, Donostiako Udalak "bere bideari ekingo dio", datorren uztailean ordenantza berria aurkezteko asmoz, gainontzeko arau fiskalekin batera, eta "gauzak ondo eta presarik gabe egiteko".

Kanona

Gascok udal ordenantza berri bat martxan jartzeko aukera defendatu du, kanpoko pertsona bakoitzak egunero hirian gaua igarotzeagatik ordaindu behar duen kanona ezarriko duena, zein ostatutan dagoen kontuan hartuta. Kanona euro batekoa izan daiteke, ostatu merkeenentzat, eta bost eurokoa lau eta bost izarreko hotelentzat, adibidez. Bildutakoa "oso-osorik" joango litzateke Udalarentzat.

Bestalde, tasa turistikoak turismoaren beherakada eragin dezakeela dioen argudioa "ez da erreala", eta, adibide gisa, Balearrak edo Bartzelona aipatu ditu. Gainera, EAEn turismoaren hazkundea % 1,5 ingurukoa den bitartean, Donostian "% 10 hazi" dela gogorarazi du.

"Ondo doan sektore batean gaude, gai izan gaitezen beraz herritar guztiei ere on egiteko", esan du, eta gaineratu du "azken hitza osoko bilkurak" duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ostatuak